Zezenketen aurkako manifestazioa egingo dute Aste Nagusian
Gipuzkoako Plataforma Antitaurinak deituta, aurten ere Illunbeko zezenketen aurkako manifestazioa egingo dute Donostiako Aste Nagusiaren atarian. Hitzordua abuztuaren 10ean da, 18:00etan, Bulebarrean: “Udal gobernuak, herritar gehienon nahiari bizkar emanda, zezenketak lotsarik gabe babesten dituela salatuko dugu”.
Donostia Antitaurina Orain plataformak 2017an bildu zuen Herritarrek Parte Hartzeko Udal Araudiak aurreikusitako sinadura kopurua, eta, horrela, Illunbeko erabilera taurinoaren inguruko herri galdeketa egiteko eskubidea irabazi zuela gogorazi dute. Plataformak adierazi duenez, eskubide hori “ukatu” egin zuten Madrilen, baina Udalak “donostiarron iritzia ezagutzeko” bideak aurkituko zituela agindu zuen: “2024an gaude, ordea, eta agindu hura betetzeko zantzu txikienik ere ez dago. Horra alkateak eta bere gobernu bazkideak hiriko edozein kolektiboren aurrean erakutsi ohi duten gorreriaren beste adibide bat”.
Plataformak salatu du Illunbeko eraldaketa integrala planteatzen ari den une honetan, alkateak zezen plaza eraldaketa horretatik salbu utzi nahi duela. Horrekin ados ez, eta udalari exijitu nahi diote eraldaketa horretan erabilera taurinoa beste erabilera batzuek ordezkatzea. “Izugarria litzateke oraingoan ere, berriro ere, diru publikoa zezenketak egiten jarraitzeko erabiltzea”.