Askatuak saskibaloi taldeak 50. urteurrena ospatuko du
50 urte beteko ditu aurten Donostiako Askatuak saskibaloi taldeak. 1975ean sortu zutenetik, Donostian eta Gipuzkoan saskibaloia etengabe sustatzen aritu dira. Hori dela eta, 50. urteurrena ospatzeko prest daude.
“Hamarkada hauetan guztietan zehar, Askatuak taldeak aztarna ezabaezinak utzi ditu euskal saskibaloiaren historian. Momentu ahaztezinak bizi izan ditugu, bai maila igoeretatik eta tituluen lorpenetatik hasiz, eta baita urteetan zehar osatu dugun jokalarien harrobiarekin bukatuz, gure taldea eta estatuko beste talde asko talentuz hornitu duen harrobi hau. Gure formakuntzarekiko eta kirolarekiko konpromisoa, aurrera egitera bultzatzen gaituen indarra izan zen, eta gaur egun ere izaten jarraitzen duena da”, adierazi du klubak.
Laster abiatuko den 2024-2025 denboraldia Askatuak taldearen historia gogora ekartzeko aprobetxatuko dute. Horrekin batera, datorrena ilusioarekin ospatzeko gogotsu daude. Klubak aurreratu duenez, hainbat ekitaldi prestatzen ari dira, eta horietako baten berri eman du Gipuzkoa Basketek. Hain zuzen ere, irailaren 18an oroitzapeneko partida jokatuko dute Bilbao Basketen kontra, Gaska kiroldegian (19:45).