Donostiarrarekin batera ariko diren beste zazpi traineruak argitzeko unea iritsi da
Gaur abiatuko da Kontxako Bandera gizonezkoen sailkatze estropadarekin. Iaz ez bezala, mutilak ariko dira lehendabizi, eta bihar izango da nesken txanda. Guztira, 23 traineru ariko dira nor baino nor Kontxako badian, 18:00etatik aurrera.
Gizonezkoen traineruak bi taldetan banatuta aterako dira, minutuero, eta 3 milia bete beharko dituzte arraunean. Erlojuaren kontrako saioa azkarren egiten duten zazpi traineruek lortuko dute saria, eta datozen bi igandetan Donostiarrarekin batera ariko dira.
Hauek dira 23 traineruak: Ares, Arkote, Astillero, Urdaibai, Cabo, Chapela, Castro, Bueu, Deustu, Getaria, Kaiku, Lapurdi, Lekittarra, Ondarroa, Orio, Hondarribia, San Juan, San Pedro, Santurtzi, Tiran, Zarautz, Zierbena eta Zumaia.
Lehia estua
Ez dago batere argi zeintzuk izango diren zazpi sailkatuak. Eusko Label ligako sailkapen nagusiko zortzi onenak —Donostiarra salbu— dira hautagai nagusiak: Urdaibai, Zierbena, Orio, Hondarribia, Getaria, Lekittarra eta Ondarroa. Dena dela, iaz ez ziren horiek guztiak sailkatu. Cabo galiziarrek lortu zuten Kontxako Banderan aritzeko aukera, eta Lekittarra atarian geratu zen. Pasa den urtean, Zierbena izan zen onena sailkatze estropadan (20:01.80), Hondarribia (20:16.84) eta Orio (20:17.84) gipuzkoarren aurretik.