«Kultura asko du Añorgak, eta estudio honek pintura gerturatuko du auzora»
Asier Martis Garziaetxabek (Añorga, 1995) irailaren 6an emango dio hasiera bere pintura estudioari, Añorgan irekiko duen lokal berriarekin, eta adin guztietarako pintura eta marrazketa ikastaroak eskainiko ditu. Hala, lokala bera, erakusketa espazioa izateko apustua egin du Martisek.
Zorionak estudio honengatik. Aspaldi zeneraman proiektu honekin buruan?
Txikitatik gozatu dut pinturako klaseetan eta betidanik amestu izan dut horrelako estudio batekin, nahiz eta abstrakzio ideia bat izan den denbora luzez. Mundu honetan sartzea ez da erraza eta nik honetan lagundu nahi dut.
Zeintzuk dira estudioaren helburuak?
Nire lana eta beste artisten lanak erakusteko espazioa da, alde batetik. Bestetik, ikastaroak eskainiko ditut, adin guztientzat, eta pinturarekin eta marrazketarekin hasteko aukera edo ikasketa prozesuan aurrera jarraitzeko aukera izango dute ikasleek estudio honetan. Pinturaren eta marrazketaren ofizioak irakatsi nahi ditut.
Auzoak nola erantzun dio estudio honen irekierari?
Bizilagunek Murillo edo Matis deitzen naute [barrez]. Oso pozik daude, eta batzuek ikastaroetan izena eman dute jada.
Prozesuaren hasieratik, jende asko gerturatu da estudioa ikustera eta informazioa eskatzera. Auzotar asko pasatzen dira ikustera hemen ditudan koadroak, askok ezagutzen dituztelako nire lanetan agertzen diren auzotarrak. Nik banekien nire ondokoen laguntza izango nuela, baina auzotarrak laguntzeko prest egon dira hasieratik, eta hau oso polita eta eskertzekoa izan da.
«Lan asko egin behar da mundu honetan gauzak ondo egiten jakiteko»
Auzoak espero zuen horrelako zerbait?
Normalean, horrelako espazioak ez dira Añorgaren moduko auzoetan irekitzen, Erdialdean edo Antiguan daude batzuk. Baina ni hemen jaioa naiz, eta hemengoa naiz. Hemen ikusi naute marrazten eta pintatzen, eta gutxika espazio hau sortzen, baita ere. Estudioa hemen irekitzea naturala zela sentitzen nuen.
Kultura ekarriko duzu Añorgara.
Añorgak kultura asko du. Bertsolariek eta dantza taldeek indar asko dute, eta pintura gerturatuko dut auzora estudio honen bitartez.
Zein pintura da irakatsiko duzuna?
Marrazketaren informazio minimoa eskaintzea derrigorrezkoa da. Ezin duzu etxe bat eraiki teilatutik hasita, eta hau berdina da: marrazketa ondo maneiatu behar duzu pintatzean zer egiten ari zaren ulertzeko.
Gainera, bi edo hiru urte beharrezkoak izaten dira oinarri minimoa ondo ikasteko, berdin du zein pintura mota —errealismoa edo abstraktua— ikasi nahi dugun.
Zein material erabiliko duzue ikastaroetan?
Akuarela, grafitoa, ikatza, akrilikoa eta olio pintura, besteak beste.
Nola ikasten da pintatzen?
Lan asko egin behar da mundu honetan gauzak ondo egiten jakiteko. Prozesu horretan, nik bakarrik eta nire modura ikasi dut. Lehenengo pauso hori irakatsi nahi dut, hastapenarena. Horretarako, ikasleek lasaitasunez eta konfiantzan hastea nahi dut.
Zuk nola ikasi zenuen pintatzen?
Zortzi urterekin hasi nintzen Lasarteko espazio batean, baina Trintxerpen jaso nituen klaseak pintore batekin, hamar bat urtez. Usandizagako batxilergo artistikoa egitean, marrazketa ondo ikasteko ikastaro asko egin nituen, oinarri inportantea baita, eta ondo ikasi beharrekoa da. Ondoren EHUn Arte Ederrak ikasi nituen eta horren ostean bi master —Irakaskuntzakoa eta Pinturakoa— ikasi nituen, enkargu bidezko koadroak pintatzen nituen bitartean. Hala, urte asko igaro ditut Barcelona Academy of Art akademian ikastaroak jasotzen, proiektu hau buruan nuen bitartean.
Zer da zuretzako pintura?
Egonkortasuna eta diziplina pinturak eman dizkit. Bizitza guztian zehar, konstantea honekin izan naiz. Beti pintatu dut. Txikitan arkatza nuen beti eskuan eta umetan hasi nintzen koadroak egiten.
Zein da zuretzat pintatzearen faserik gogokoena?
Pintatzea orokorretik zehaztasunera bidea egitea da, kolore masatik detaileak sortzea. Prozesu hau harrigarria da.
«Pintatzea orokorretik zehaztasunera bidea egitea da»
Beste artistek aukera izango dute hemen haien koadroak ikusgai jartzeko?
Bai. Bitartean, klaseak emango dira, baina ez dago arazorik besteek haien lanak hemen jartzeko. Horretarako ireki dut, baita ere. Ongietorriak dira pertsona guztiak eta obra guztiak.
Salgai egongo dira koadroak?
Noski. Gehienek enkarguak egiten dituzte. Ezkontzetarako, ospakizunetarako… jendeak argazkiak ekartzen dizkit eta nik hortik egiten ditut koadroak, baina eginda daudenak salgai daude.
Nola jarri daiteke jendea zurekin harremanetan?
Norbaitek harremanetan jarri nahiko balu, Asiermartis@gmail.com helbidera idatzi dezake.
Nola irudikatzen duzu estudioa urtebete barru?
Inplikazio asko eskatzen du honek eta mundu hau oso sakrifikatua da. Baina gustatzen zaionari, asko gustatzen zaio. Hortaz, Añorgan, pinturan eta marrazketan mugimendu gehiago egotea espero dut, eta jendeak honetaz disfrutatzea eta artearekin konektatzea.
Nik hemen geratzeko asmoa dut, nahiz eta garestitzen ari den asko, baina bai, nahiko nuke estudioak balio izatea auzotarrei edo donostiarrei pintura gerturatzeko eta arte honekin harremana izateko.