Hamari Traorek agur esan dio denboraldiari
Realeko atzelariak eskuin belauneko lotailu gurutzatua apurtu du, eta ebakuntza egingo diote datozen egunetan.
Denboraldi hasiera iluna izaten ari da Realarentzat. Ligan lau puntu batu dituzte lau partidatan, eta joko zein fisiko aldetik justu samar dabil taldea. Hori gutxi balitz, min harturiko jokalarien zerrenda handitzen ari da.
Hamari Traore da lesionatu den azkena, eta denboraldiari ia ziur agur esan dio. Maliko atzelariak eskuin belauna bihurritu zuen atzo Getaferen kontrako partidan, eta mediku azterketek baieztatu dute lotailu gurutzatua puskatuta duela. Datozen egunetan ebakuntza egingo diote.
Eskuin hegaleko jokalaria ez zen izan min hartu zuen bakarra. Brais Mendez erdilari galiziarrak ere aldaketa eskatu behar izan zuen eskuin oinean kolpe bat jaso ondoren.
Une honetan, hainbat dira lesionatuta dauden jokalariak. Traore eta Mendez ez ezik, Igor Zubeldia, Ander Barrenetxea, Aritz Elustondo, Arsen Zakharyan eta Jon Pacheco ere min hartuta daude.