Zinemaldiak Argentinako zinemagileak babestuko ditu, Mileiren gobernuaren murrizketen aurrean
Irailaren 24an elkarretaratzea egingo du Zinemaldiak “Argentinako zinemari babesa”adierazteko. Herrialde horretako “industriaren desegitea” salatuko dute, Javier Miliei neoliberalaren gobernuak egindako murrizketak salatuz. Argentinako zinemak bizi duen “salbuespenezko egoera” kritikatu dute, gobernuak proiektuak eten eta laguntzak emateari utzi baitio.
Zinemaldiak zinema argentinarrari laguntzeko jardunaldi bat abiaraziko du hilaren 24an, Diego Lermanen El hombre que amaba los platos voladores filma Sail Ofizialean estreinatzearekin batera. Harreraz gain, elkarretaratze bat egingo dute Kursaleko eskaileretan eta ondoren Traslados filma eskainiko da Trueba zinema-aretoetan. Nicolás Gil Lavedrak zuzendutako ez-fikzioa bihar estreinatuko da Argentinan, eta Donostian izango du, bestalde, nazioarteko estreinaldia; “heriotzaren hegaldi” deritzenak aztertzen ditu egileak bere obran, “Argentinako azken diktadura zibiko militarrak pertsonak hiltzeko eta desagerrarazteko baliatu zuen metodologiarik krudel eta eraginkorrena”. Emanaldiarekin batera filmaren aurkezpena eta solasaldia egingo dira, zuzendaria bera eta Zoe Hochbaum ekoizlea bertan izango dira.
Donostia Zinemaldiaren 72. edizioak Argentinan osorik edo partzialki ekoitzitako hamasei film biltzen ditu Sail Ofizialean eta New Directors, Horizontes Latinos, Zabaltegi-Tabakalera eta Haur Zinema sailetan, aipatutako Traslados filmaz gain. Zinemaldiaren Industria sailean, orobat, Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan hautatutako sei proiektu argentinar daude, WIP Latamen bi work in progress eta, azkenik, ekoiztetxe argentinar baten partizipazioa duen proiektu bat Ikusmira Berriak ekimenean.