Ezustekoaren bila doa Donostiarra
Kontxako Bandera urrun samar dute Kaiarribaren emakumezkoen eta gizonezkoen traineruek. Horrela ere, ohorezko bi txandetan ariko dira, eta biak irabaztea dute helburu.
Ezohikoa da Kontxako Bandera. Arraunaren Olinpiar Jokoak direla diote, araudi propioarekin, eta baita ere, tarteka, ezustekoekin. Sailkatze estropadetan ondoen aritu ziren hamalau traineruak ez zeuden kiniela gehienetan. Donostiarrako nesken eta mutilen taldeak orduan izan zuten aurtengo arerioen berri, eta tostak bete lan izango zituztela jabetu ziren. Lehen jardunaldian estropada onak egin zituzten Donostiarrako bi traineruek, baina irabaztetik uste baino urrunago geratu ziren.
Emakumezkoen taldea laugarren izan zen, Donostia Arraun Lagunak irabazlearengandik ia hamalau segundora. Gizonezkoak, berriz, hirugarren sailkatu ziren, Urdaibai indartsuenarengatik hamabost segundora. Horrela ere, bi ontziak kategoria bakoitzeko ohorezko txandan izango dira etzi.
Maila onean aritzeko konfiantza dute Donostiarrako arraunlari Itxaso Uzkudunek (Parte Zaharra, 1999) eta Arkaitz Diazek (Loiola, 1983). «Donostia Arraun Lagunakek ligan erakutsi du besteon gainetik koxka bat gorago daudela. Tarte hau ligan ere atera izan digute, baina egia da gertuago geratzea espero genuela», adierazi du Itxaso Uzkudun Donostiarrako arraunlariak. Donostia Arraun Lagunak ez ezik, Orio eta Tolosaldea ere arerio izango dituzte ohorezko txandan. «Estropada ahalik eta onena egiten saiatu ginen, eta lortu genuela uste dut. Gure maila onenetik gertu egon ginen», nabarmendu du Diazek, Donostiarrako patroia ere badenak.
Bigarren jardunaldiari begira, desabantailak murrizten ahaleginduko dira. «Gure helburua beti estropada irabaztea da. Gero, itsasoak eta estropadak jarriko gaitu dagokigun lekuan. Ohorezko txanda irabazi nahi dugu, eta horrekin beste traineruekiko dugun denbora galera gainditzeko balio badigu, primeran», azaldu du Uzkudunek. «Hamabost segundoko tarte horri buelta ematea ez da batere erraza izango. Dena dela, traineru barruan ez gaude horrekin tematuta. Bigarren jardunaldi ona egin nahi dugu, txanda borrokatu eta aukerarik bada, irabazi», esan du Diazek.
Ligako gidoi berbera
Euskotren eta Eusko Label ligetan ondoen ibili direnen artean daude Donostiarrako bi traineruak. Ordea, hobeto ibili direnak ere badira. Uzkudunek argi dauka Donostia Arraun Lagunak mendean hartzea ez dela erraza izango: «Ez da ezinezkoa, baina hamahiru segundoko desabantaila gainditzea oso zaila da. Batez ere, ligan lortu ez dugulako. Estropadako baldintzak asko aldatu beharko lirateke, eta, noski, guk asmatu».
Gizonezkoetan, berriz, Urdaibai eta Zierbena traineru bizkaitarrak denboraldi bikaina egiten ari direla dio Diazek: «Urdaibaik denboraldi osoan zehar erakutsi du sekulako taldea dela. Indartsuak ez ezik, beteranoak ere badira, eta badakite estropada bakoitza nola lehiatu. Zierbena ere talde indartsua eta beteranoa da». Ligan pare bat estropadetan aurretik ibiltzea lortu du Donostiarrak, beti egoten direlako «gorabeherak» denboraldian. «Urdaibairen eta Zierbenaren egun txar bat eta gure estropada oso on bat beharko genuke aurretik geratzeko. Bi osagai horiekin posible da», gaineratu du Diazek.
Gora begira
Donostiarrako bi traineruen helburua ohorezko txanda irabaztea da, eta hori ezin bada, sailkapen orokorrean ahalik eta goren geratu nahi dute. «Konforme ez gara geratuko txapeldunordeak bagara. Ordea, ederra litzateke, gutxienez, Orioren eta Tolosaldearen aurretik geratzen bagara», esan du Uzkudunek. Iritzi berekoa da gizonezkoen patroia ere: «Beti gora begira egon behar da. Hori esaten digu Igor Makazaga entrenatzaileak. Atzera ez da begiratu behar. Saiatuko gara bigarren postua lortzen, eta, ahal baldin bada, lehenengoa. Horren bila abiatuko gara».
Kontxako Bandera astindu ala ez, gustura daude orain arte egindako denboraldiarekin. Nesken sasoiko azken estropada izango da etzi jokatuko dutena. «Azkena izanik, orain arteko mailarik onena eman nahi dugu etzi», dio Uzkudunek. Mutilek, berriz, Eusko Label Ligako azken bi jardunaldiak zain izango dituzte.