«Ikaragarria da lortu dugun guztia, eta ez gara kontziente»
Denboraldi borobila egiten ari da Donostia Arraun Lagunak, eta are gehiago borobiltzeko aukera du etzi, Kontxako Bandera irabazita. Udane Goenaga (Martutene, 2003) gozatzen ari da, eta bere bigarren Kontxako Bandera irabazi nahi du.
Bederatzi segundo. Nahikoak izango al dira Kontxako Bandera hirugarrenez astintzeko?
Bai eta ez. Edozer pasatu daiteke etzi. Ezin gara fidatu. Estropada gainerako guztien antzera hartuko dugu, eta lehiatzera aterako gara. Noski, ohorezko txanda irabazten saiatuko gara bandera ziurtatzeko. Egia da ere bederatzi segundoko abantaila dugula, eta zerbait pasatuz gero, baliatu ahal izango genituzke. Halere, esan moduan, txanda irabaztea da helburua.
Sailkatze estropadan denborarik onena egin ondoren, lehen jardunaldian erakustaldia eman zenuten. Gustura emandako mailarekin?
Bai, oso gustura. Denboraldi oso ona egiten ari gara, eta Kontxan berretsi dugu maila oso onean gaudela, sailkatze estropada eta lehen jardunaldia irabazita. Hain zuzen ere, estropada bakoitza serio hartu dugu. Sailkatze estropadan ezustekoak egon ziren, ziurrenik beste traineru batzuek sailkatuko zirela uste zutelako. Horregatik, guk gure lana egin genuen sailkatze estropadan eta lehen jardunaldian.
Hain zuzen ere, Astillerok, Chapelak eta Kaikuk sailkatzea lortu zuten.
Egia esan, harrigarria iruditu zitzaigun. Astillerok ETE liga irabazi du, baina ez genuen espero Hondarribiaren aurretik ibiltzea. Bestalde, Zumaia sailkatuko zela uste genuen, eta pena eman zigun haiek eta Hondarribia kanpoan geratzeak. Kolpe gogorra izan zen eurentzat.
Ez genuena espero da Orio ehunenekoengatik sailkatzea, denborarik onenetan ibiliko zirela uste genuelako. Hibaikak, berriz, estropada oso ona egin zuen, eta Kaikuk ere erakustaldia eman zuen. ETE ligan ez duelako Astillero eta Zumaia gainditzea lortu.
Lehen jardunaldian, txandak eta kaleak mesede egin zizuen?
Ez mesede eta ez kalte. Itsasoa nahiko bare zegoen, eta traineru guztiek antzeko baldintzetan jokatu genuen estropada. Kaleei dagokienez, esan ohi da lehen eta laugarren kaleak direla txarrenak, baina ez dut uste horrenbeste eragin zutenik. Lehiaren kasuan, Orio beste txanda batean aritu zen, eta ez dakigu gure txanda berean arituta zein maila emango zuketen. Gure txandan oso ondo ibili ginen, eta Orioren erreferentzia bagenuen.
Bigarren jardunaldian zer behar duzue eskura duzuen bandera heltzeko?
Gure lana bete behar dugu. Gaizki aritzen bagara, besteak hor daudela badakigu, eta ez diegu horrelako aukerarik eman nahi. Oriok, Tolosaldeak eta Donostiarrak maila onean daudela erakutsi dute. Bederatzi segundoko abantaila dugu, beraz, zerbait larria gertatu beharko litzateke bandera ez irabazteko.
Orio, Tolosaldea eta Donostiarra izango dituzue parez pare. Kale zozketa, itsasoa eta haizea. Hiru elementu horiek ez daude zuen esku. Beraz, zuhurtziaz jokatzea komeni zaizue?
Bai, hiru elementu horiek estropadan eragin dezaketelako. Niri itsasoaren egoera egunean bertan ikustea gustatzen zait, orduan, etzi goizean, badia ondora hurbilduko naiz. Kale zozketaren kasuan, aitortu behar da ez dugula zorte askorik izaten, batez ere, bigarren jardunaldian. Gehienetan, kale txarra tokatu zaigu. Ordea, gure artean beti esaten dugu kale txarra ala ona izan berdin lehiatu behar dugula. Kale txarra bada, ona egiten saiatuko gara. Sasoi honetan, txarretik zein onetik irabazi ditugu estropadak, beraz, badakigu zer egin behar dugun.
Txapelketa guztiak ez ezik, Euskotren ligako bandera guztiak ere irabazi dituzue aurten. Aldiz, estropada guztiak, ez. Zarauzko ikurrinaren bigarren jardunaldia da salbuespena. Hori presente duzue bigarren igandeari begira?
Guk ez diogu buelta askorik eman Zarauzkoari. Hainbeste estropada jarraian irabaztea oso zaila da, eta bagenekien egunen batean galdu genezakeela. Bigarren geratu ginen Tolosaldearen atzetik, baina ikurrina etxera ekarri genuen.
Ohorezko txandako arerio gogorrena zein izango da?
Tolosaldea. Ligan irabazi ez dugun estropada eskuratu zuten, eta bigarren bukatu dute liga. Denboraldi ona egiten ari dira, eta gertuen sentitu ditugunak dira. Proiektu polita daukate, arraunlari gehienak gazteak dira eta pixkanaka gora doazela iruditzen zait. Horrela ere, Orio eta Donostiarra aurkari zailak izango dira, estropada txukunak egin dituztelako. Gainera, Kontxan oso maila ona erakutsi zuen Oriok, nahiz eta gure txandan ez aritu. Beraz, aintzat hartu beharrekoak dira. Etzi borroka polita ikusi ahal izango da Kontxako badian.
«Oso harro nago lortu dudanaz. Gainera, Martuteneko arraunlari bakarra naiz taldean»
Zure ustez, zeintzuk dira ematen ari zareten maila bikainaren gakoak?
Ikaragarria da lortu dugun guztia, eta ez gara kontziente. Aurten oso gogor entrenatu dugu. Juan Mari Etxabe entrenatzaileak adierazi digu gure taldea etengabe hazten eta hobetzen ari dela. Emaitzak ikusita, arrazoi du. Iaz, liga eta Kontxako Bandera irabazi genituen. Ordea, ligako bandera guztiak ez genituen astindu. Aurten, berriz, Etxabek esaten zigun uda polita zetorrela, trainerua oso ondo entrenatzen ari zela, lehorrean ere txukun genbiltzala, giro polita genuela… Horri guztiari esker lortu dugu horren ondo aritzea. Gogoak ere asko egiten du, eta irabazteko gogo asko genuen.
Taldearen oinarria mantendu eta heldutasun puntu bat gehiago duzue. Arraunlarien artean nola ari zarete bizitzen denboraldi arrakastatsu hau?
Gure artean hitz egiten dugu denboraldiaz, eta, esan moduan, ez gara kontziente lortzen ari garenaz. Emakumezkoen arraunean beste inork egin ez duena lortu dugu. Are gehiago, emakumezkoen arraunarentzat oso garrantzitsua da Donostia Arraun Lagunak aurten egiten ari dena. Emakumeon maila gero eta hobea da, eta neska gazteei arraunarekiko interesa pizteko garrantzitsua da.
Irabaztera ohitu zarete?
Ohitu, ez. Denboraldi honetan egiten ari garenak ezustean harrapatu gaitu gu ere. Barneratua dugu ez dela ezer pasatzen irabazten ez badugu. Estropada txarren bat egiten badugu, eta bigarren, hirugarren edo laugarren egiten badugu, ez gara hondoratuko. Esaterako, Kontxako lehen jardunaldiari begira, gure artean aipatu genuen estropada txarra eginez gero, bigarren aukera bat izango genuela egindako lana hobetzeko.
Donostia Arraun Lagunak inoizko kirol mailarik onenean dago?
Baietz uste dut. Nesken traineruak ez ditu horrenbeste urte, eta hasi zirenean ez zuen gaur egungo maila. Pixkanaka hobetzen joan ziren, gaur egun arte. Nik uste dut arraunlari askori gustatuko litzaiokeela guk egindakoa bizitzea.
Itziar Eguren presidentearen, Juan Mari Etxabe entrenatzailearen, Alberto Grijalba prestatzailearekin eta Jacobo Vazquez medikuaren garrantzia zenbaterainokoa da?
Oso handia. Eguren gabe klubak ez luke aurrera egingo, presidente gisa gauza asko eta garrantzitsuak egiten dituelako. Etxabe gabe ez genuke egungo maila lortuko. Entrenatzaile oso ona da. Uretan serioagoa eta gogorragoa da, baina lehorrean aita baten parekoa da guretzat. Bi aldarte horiek ondo uztartzen ditu, eta arraunlariak zaintzen ditu. Nabaritzen da urtetan bera ere arraunean ibilitakoa dela. Maiz konpartitzen du bere esperientzia. Grijalba eta Vazquez, berriz, ezinbestekoa dira. Entrenamendu guztietan egon dira gurekin, eta haiei esker mantendu gara sasoiko denboraldi osoan zehar.
Duela bi urte elkarrizketatu zintugunean, ez zenuen titulurik Donostia Arraun Lagunakekin. Aldiz, zenbat dituzu orain?
Kontxako Bandera bat, bi Euskotren liga, Euskadiko bi txapelketa, Gipuzkoako txapelketa bat eta Espainiako beste txapelketa bat.
Bi urteotan zenbat hobetu duzu?
Asko. Aulki mugikorretik trainerura 2022an egin nuen jauzia. Pixkanaka egin nuen prozesu hori. Arraun egiteko beste era bat ikasi behar izan nuen. Dena berria zen niretzako, entrenamenduetatik hasi eta estropadetaraino. Lehen urtea zaila egin zitzaidan, egokitzapen gisa hartu nuelako. Iaz askoz hobeto aritu nintzen, eta aurten traineru titularrean lekua egin dut. Estropada guztiak jokatu ditut, Lekeitiokoa izan ezik.
Harrobikoa ez ezik, Martutene bertakoa zara. Harro zaude lortzen ari zarenaz?
Oso harro nago lortu dudanaz. Gainera, Martuteneko arraunlari bakarra naiz taldean, eta nire auzoan dago Lugañenea egoitza. Martutenekoa izanik, hau dena lortzea ikaragarria da niretzako. Pasa den urtean, Martuteneko jaietako txupinazoa botatzeko aukera izan genuen, eta nik irakurri nuen pregoia. Auzotik zoriontzen naute haur zein helduek, kalean, tabernetan… Animoak ematen dizkizute, eta benetan ederra da.
Aurtengo denboraldia ikusita, Kontxako Bandera irabaztea falta da?
Bai, horixe. Denboraldia dagoeneko borobila da, baina asko gustatuko litzaiguke guztiz borobiltzea Kontxako Bandera irabazita. Garrantzitsuena da eta gehien pozten gaituena.