Lehiakortasuna lagun, eskaintza ugaritzera datoz Aieteko jaiak
«Indarberrituta» eta «ilusio mordoarekin» datoz Aieteko jaiak. Jai batzordea osatu berri dute, antolakuntza eta eskaintza sendotzeko asmotan. Berritasunak berritasun, adin guztientzako jai euskaldun, parekide eta irekiak egingo dituzte gaurtik hilaren 20ra bitarte.
Urtarrilaren antzera, ikasturte hasiera goranzko aldapa malkartsutzat dute askok. Bada, Aieten, orpoz orpo hartu dute sasoi hori, eta txapelketa bilakatu: kilometro bertikala egingo dute Aieteko parkean zehar: «Herri lasterketa bat izango da, eta auzotarrak egongo dira batik bat. Inork ez dezala pentsa sekulako marka egiteko lasterketa denik, baina baten bat asmo horrekin badator, ongi etorria izango da», adierazi du Julen Barriuso Aieteko jai batzordeko kideak.
Aurten, eskaintza zabalarekin bete dute egitaraua, eta txapelketak dira nagusi. Sukaldaritza eta kirol jarduerekin josi dute programazioaren tarte handi bat, elastikoa izerditzea bezain garrantzitsutzat baitute sabela ondo betetzea. Hala, azken urteotako dozena erdi lehiaketei paella lehiaketa, aipatutako kilometro bertikala eta padel txapelketa «arrakastatsua» gehitu zaizkie: «Festok asko dute gure ilusiotik eta erokerietatik», adierazi du jai batzordeko kideak.
Lehiakortasuna nagusitzen den jardueretan ez ezik, gainerakoan ere izango dira berritasunak. Aurten, haurrentzako puzgarriak izango dituzte aurrenekoz Hiru Damatxo plazan eta Kalapie elkartearekin bizikleta festa antolatuko dute gune berean. Bigarren asteburuan, berriz, 80 kidez osatutako Mindegia abesbatzak emanaldia eskainiko du Miramongo anfiteatroan: «Oso eszenatoki polita da eta berezia izango da hainbeste jenderekin ikustea», gaineratu du Barriusok.
Auzotik eta auzoarentzat
Antolakuntzan ibili diren kideak «ilusio mordoarekin» antolatu dituzte jaiok, izan ere, lehen aldia dute jai batzorde gisa. Orain arte, Lantxabe elkartea, Aieteko Euskara Batzordea eta ACD kirol elkartea arduratzen ziren prestaketaz, «bakoitza bere aldetik». Kide gazteak sartu zirenez geroztik, baina, indarrak batzeko eta eragileen arteko lana sendotzeko hautua egin dute: «Jai batzordea berria denez, lehengo lantaldeetatik tiraka aritu gara azken hilabeteotan eta forma eman behar diogu oraindik. Hala, bigarren asteburuaren antolaketa Lantxabe elkarteak hartu du; aurreko asteburua, berriz, gazteek, euskara batzordeak eta ACD elkarteak».
Antolakuntza eredua aldatzeak, hain zuzen, irekiera puntu bat eman dio taldeari, eta horrek, era berean, auzoko norbanakoen ideia fresko eta berritzaileak sartzea eragin du: «Gure asmoa asanbladak eta deialdi irekiak egitea da, auzotik eta auzoarentzat egindako jaiak direnez, auzotarrak bertan egon behar direlako parte hartzen», azaldu du Barriusok. Bide horretan, ezinbestekoa izan dute komertzioen eta boluntarioen babesa: «Bakoitzak ahal duen neurrian laguntzen du, eta asko estimatzen da bizilagunek eta komertzioek egiten duten ekarpen oro». •