Kontxako Banderako bigarren igandea, iruditan
Eskura zutenek astindu dute Kontxako Bandera. Beraz, ezustekorik ez da izan, bigarren jardunaldian.
Koloretsua eta emozioz beterikoa izan da 2024ko Kontxako Bandera. Bigarren igandea euritsua izan da tarte batean, eta eguzkitsua bukaeran. Lehorrean eta uretan, batzuk pozik, eta beste batzuk ez horrenbeste. Dena dela, giro paregabeaz gozatzeko aukera izan dute guztiek.
Donostia Arraun Lagunakek irabazi du emakumezkoen bandera, hirugarrenez. Lehen jardunaldiko abantailari erreparatu gabe, ohorezko txanda irabaztera joan dira, eta baita lortu ere. Donostiarrako neskek ere estropada bikaina jokatu dute. Bigarren izan dira ohorezko txandan, eta baita sailkapen orokorrean ere.
Gizonezkoen bandera, berriz, Urdaibaik astindu du. Bermeokoek segundo askotako errenta pilatu zuten pasa den igandean, baina ohorezko txandan onena izateko asmoarekin atera dira. Ez dute areriorik izan, beste behin ere. Donostiarrako mutilek ez dute lortu banderaren lehian sartzea. Laugarren izan dira ohorezko txandan, eta hirugarren bukatu dute sailkapen orokorra.
Joseba Parron San Sebastian argazkilariak bigarren jardunaldiko irudi bilduma ederra osatu du: