Bidebietako parkea datorren urte hasierarako berrituko dute
Donostiako Udalak Bidebietako parkea berritzeko kontratua adjudikatu dio Construcciones Otegui Gaztañaga enpresari. Aurrekontua 413.421 eurokoa da, eta hiru hilabeteko epea izango dute parkea berritzeko. Horiek horrela, 2025. urte hasierarako parkea prest egotea aurreikusten du udalak.
Ekialdeko Barrutiko batzarrak sustatu eta finantzatutako proiektua da, eta auzoko bizilagunekin egindako parte hartze prozesu baten ondoren diseinatu dute. Izan ere, 2021eko irailetik abendura bitartean, Bidebieta parkearen diseinuaren inguruko partaidetza prozesu bat egin zuten, parkeak behar zituen hobekuntzak zehazteko. Partaidetza prozesu horren ondorioz, parkearen egungo egoeraren diagnostiko bat lortu zuten, bildutako datu teknikoetatik eta herritarren pertzepzioetatik abiatuta. Azkenik, hobetzeko estrategiak eta jarduerak definitu zituzten.
Prozesuaren azken pausoa proposatu ziren diseinu soluzioak baliozkotzea izan zen. Herritarrei irekitako parte hartze saio batean izan zen, eta bertan hamar jarduketetarako hartutako proposamenak aurkeztu ziren.
Hobekuntzak
Egingo diren lanei esker, parkeak jolasgune eta lasai egoteko gune berri bana izango ditu. Horrekin batera, ur zorrotadekin ibiltzeko moduko iturri bat, piknikerako bost mahai, kirol eremu bat, hormigoizko eserleku aurrefabrikatuko lau gune eta aldagailudun komun publiko bat jarriko dituzte.
Goiko aldeko zoladura ere hobetuko dute, eta tamaina txikiko zuhaitzak eta loratze koloretsuak landatuko dituzte, gaur egungo tamaina handiko zuhaitzekin alderatzeko. Gainera, egonleku eta pasealeku horretako belardi apaingarria hobetuko dute.