Bera Bera atzera begira jarri da aurrera egiteko
Hamabost jokalariz osaturiko taldea prest dago denboraldiko lehiaketa guztietarako.
Bera Bera eskubaloi taldearen 2024-2025 denboraldiko aurkezpena, Manteo kiroldegian. 2024-2025 denboraldiko taldea aurkeztu zuen atzo Bera Berak, Groseko Manteo kiroldegian. Lekua apropos aukeratu zuten, duela 25 urte hasi zelako kluba kirol instalazio horiek erabiltzen. Horri esker, etengabe hazi direla aitortu du Tati Garmendia eskubaloi ataleko arduradunak. Gogoratu behar da Bera Berak sasoi berria titulu batekin hasi duela: Superkopa Iberiarra. Guztira, 27. titulua da.
“Atzera begiratzea komeni da indarra hartzeko eta etorkizunari baikortasunez eta erantzukizunez ekiteko”, gaineratu zuen Garmendiak. Duela hamabi urte hartu zuen eskubaloiko zuzendaritza, eta aitortu zuen “inork ez zukeela imajinatuko urte hauetan hainbeste ospatu izana”. Bere ustez, “oraindik hobetzen saiatzen ari gara eta gogo horrekin jarraitzeko faktoreetako bat oreka da”.
Hamabost jokalari
Bera Berak hamabost jokalariz osaturiko taldea aurkeztu du. Bost fitxaketa egin dituzte: Lucia Prades eta Tamara Kostic atezainak, Elba Alvarez erdiko atzelaria eta Eszter Ogonovszky eta Francisca Araujo Joao hegaleko jokalariak. Seigarren bat ere aipa daiteke: Melinda Louis. Duela urtebete lesio larri bat izan zuen, eta erabat osatu da.
Jarraituko duten jokalarietako asko beteranoak dira dagoeneko. Esaterako, Alba Menendez —16. denboraldia—, Esther Arrojeria —13. denboraldia— eta Maitane Etxeberria —12. denboraldia— kapitainak. Laura Hernandezek eta Elke Karstenek bosgarren denboraldia beteko dute Donostian. Anne Erauskinek eta Shula Gavilanek —3. denboraldia— lotura egiten dute gazteenekin: Lyndie Tchaptchet (19 urte) eta Carmen Arroyo (20 urte), bigarren denboraldia beteko dutenak. Eta hamaseigarren jokalaria Eider Tapia da. 20 urteko pibote irundarra lehen taldearen entrenatuko du. Beraz, beteranoak eta gazteak uztartu ditu Bera Berak; 25 urtekoa da batez besteko adina.
Teknikariei dagokionez, Imanol Alvarezek zortzigarren denboraldia beteko du taldearen gidari gisa. Alboan Jon Begiristain izango du laguntzaile gisa, bigarren urtez.

