Telmo Iragorriren 'Traineras' dokumentala zinemetan ikusi ahal izango da
Emakumezkoen arrauna oinarri duen Traineras, pasión por el remo dokumentala bihar estreinatuko dute Hego Euskal Herriko hainbat zinemetan —Donostian, Principe aretoetan—. Telmo Iragorri zuzendari donostiarrak 2023an filmatu zuen, eta Euskotren ligako bost patroi dira protagonistak. Tartean dira Donostia Arraun Lagunak-eko Andrea Astudillo eta Donostiarrako Nerea Perez. Besteak dira Orioko Nadeth Agirre, Tolosaldeako Izaro Lestayo eta Hondarribia taldeko Miren Garmendia patroiak.
Dokumentalaren sinopsiak honela dio: “Emakumezkoen bost talde pasioz eta erabakitasunez ari dira borrokan helburu bat lortzeko: Kontxako Bandera entzutetsua astintzea. Dokumental honek traineruen mundu zirraragarrian murgiltzen gaitu. Euskal gizartearen pultsua markatu duen kirol liluragarri honen jatorri eta mugarri handietara ere eramaten gaitu. Bizitza modu hori kirol bihurtu zen, eta kirol horrek bizimodu izaten jarraitzen du. Arraunketa bakoitzarekin emozioa hazten da: nork lortuko du bandera jaso eta historia egitea?”.
Reafilma eta Enbabia Films arduratu dira ekoizpenaz, eta jarraian ikus dezakezue trailerra: