Hamalau film lehiatuko dira Donostia Hiria saria eskuratzeko
Bederatzigarren urtez jarraian, Donostiako Udalak Zinemaldiko sari bat babestuko du: Donostia Hiria Publikoaren Saria. Guztira, hamalau film lehiatuko dira sari hori eskuratzeko; hau da, Perlak sailekoak.
Nazioarteko beste zinema jaialdi batzuetan kritikaren txaloak eta sariak jaso dituzten pelikulak dira. Viktoria Eugenia antzokian izango dira Perlak saileko emanaldiak, eta lehen proiekziora joaten diren ikus-entzuleek izango dute botoa emateko aukera. Saria, berriz, Zinemaldiaren bukaerako galan emango dute.
Donostia Hiria Publikoaren Sariak bi sari hartzen ditu bere baitan: batetik, film onenaren saria, 50.000 euroz hornitua, eta bestetik, Europako film onenaren saria, 20.000 eurokoa. Partaidetzaren bidez ematen den sari honen bidez, hiriarekin lotuta geratuko dira betirako bi filmak.
“Donostiarrak zinemazale amorratuak dira. Asko dakite zinemaz eta sentiberatasun berezia dute filmak ikusteko eta baloratzeko, Zinemaldian ez ezik, urteko gainerako egunetan ere bai, zinema-aretoetara zazpigarren arteaz gozatzera joaten direnean. Horregatik, Zinemaldiak protagonismo berezia eman behar diela uste dugu eta, horregatik, sarrerak erosteko orduan gehien eskatzen den sailetako baten epaimahaikide bihurtuko dira”, adierazi du Eneko Goia alkateak.
Iaz, J.A. Bayona zuzendariaren La sociedad de la nieve pelikulak eskuratu zuen film onenaren Donostia Hiria Publikoaren Saria, Venezian lehiaz kanpo estreinatu ondoren. Aldiz, Europako film onenaren garaikurra Matteo Garrone zuzendariaren Io capitano lanak jaso zuen.Venezian zuzendari onenaren Zilarrezko Lehoia jaso ondoren.