PP bakarrik geratu den arren, Aranzadik ikerketa bat egin beharko du 'Dual' eskulturaren inguruan
Alderdi Popularra bakarrik geratu da Dual eskultura eraldatzeko proposamenean. Gaur izan da udalean Giza Eskubideen Batzorde ez iraunkorra, eta PPk aurkeztutako proposamena atzera bota dute indar guztiek. Ordea, Eneko Goiak Aranzadi zientzia elkarteari txosten bat eskatu dio, Dual eskulturak Memoria Demokratikoaren Legea urratzen duen edo ez aztertzeko.
Alderdi Popularraren iritziz, legea urratzen du eskulturak gerran hildako pertsona guztiak ez direlako bertan sartzen. Gainera, haiek esandakoaren arabera, “odol delituak” dituzten zortzi errepublikazale daude bertan, eta horiek ere ez lirateke biktima gisa hartu beharko.
EH Bilduren iritziz, eskulturak ez du legea urratzen, eskulturaren asmoa beste bat delako, hain zuzen, irailaren 13an tropa faxistek hiria hartu zutenean egindako sarraskia gogoratu eta biktimak omentzea.