Zenbat min eta anfetamin
Ezagutzen duzue pintaketa famatu hori? «Debekatuta baloiarekin jolastea. Bada, orduan, drogatu egingo gara». Egia esan, irrigarri gisa zabaltzen den arren, hirien pribatizatzeak kale itsu horretan uzten gaitu sarri.
EAEn anfetamina kontsumoa Espainiako Estatuan baino 30 aldiz handiago da, ur zikinen azterketen emaitzen arabera. Azterketaren datuak ondorengoak dira: anfetaminaren asteko kontsumoaren batez bestekoa 679-2.796 miligramokoa da egunean, 1.000 biztanleko. Estatuko gainerako erkidegoetan, berriz, substantzia horren kontsumoa nabarmen baxuagoa da: 9-103 miligramo eguneko. 30 aldiz handiagoa hemen, alegia.
Parkeko pintaketa egin zuenak esango du: «Ez da besteen gorotzetan ibili behar hori jakiteko! Garrantzitsuena ez da zenbat, baizik eta zergatik».
Eta, bai, kaka zaharra da. Zenbat min eta anfetamin. Zenbat Ibuprofeno, Omeoprazol, Clonazepan. Eta zenbat alkohol, alkohol, alkohol.
Tristuraren Industria deitu zien Anarik, egungo kapitalismoa hobeto definitzen dute depresioaren kontrako borrokek, askapenaren aldeko kantuek baino. Baina, aizu, akaso egongo da inor hortik, udazkenaren sarrera honetan Alegrantziaren Brigada Gorri batzuk sortzeko, ezta?