Europak altxatu dezake Reala
Ligari neurria eta erritmoa hartu ezinda dabil Reala. Beraz, beste txapelketa bat probatu beharko du orain arteko gabeziak atzean uzteko. Txuri-urdinek Europa Ligako ibilbideari hasiera emango diote gaur. Desberdina da egin beharreko bidea, txapelketaren formatu aldaketarengatik. Hasteko, Nizaren aurka jokatuko dute gaur, haien zelaian (21:00).
Imanol Alguacil entrenatzaileak 24 jokalari eraman ditu Frantziara, eta hamaikakoa osatzeko aukera gehiago izango ditu. Izan ere, Brais Mendez eta Javi Lopez hautatuen artean daude. Aldiz, Umar Sadiq aurrelaria Donostian geratu zen.
Aurrez aurre, Niza indartsua izango dute. Ligan Saint-Etienne astintzetik (8-0) datoz, eta Europan ere bide beretik jarraitu nahiko dute. Txuri-urdin ohi batekin ere topo egin dezakete: Momo Cho. Azken unera arte zalantza izango omen da. Dena dela, Realak zaindu beharko duen jokalaria Moukoko aurrelaria da.