Fedea izateko beharra sentitu du Olatz Salvadorrek
Musikari donostiarrak 'Zainak eman' hirugarren diskoa argitaratu du.
Hirugarren pausoa eman du Olatz Salvador musikari donostiarrak. Gaur plazaratu du Zainak eman lan berria, iraupen luzeko hirugarrena. Hamar kanta ditu lanak, eta bi kolaborazio berezi ditu, Izarorena eta Alba Morenarena.
Balaunka argitaletxeak honela aurkeztu du diskoa: “Abiapuntua fedea izateko beharra da. Dena likidoa eta eferbeszentea dela dirudienean, zerbaitetan konfiantza izateko beharra. Nork bere buruari eusteko zerbait bilatzea. Harago joatekoa. Zarataren artean argia edo espiritualtasuna bilatzea dela esan daiteke”.
Estetikoki, zuzentasunarekiko eta atseginarekiko haustura bilatzen du Salvadorrek: “Gehiago arriskatzea bilatzen du, zarata eta oihuari lekua egitea, hainbat efektu erabiliz: saturazioak, detune, fuzz, delays, autotune male/female… Diskoan zehar erritmo ezberdinekin jolasten du, eta dantza askatzaileentzako lekua egotea. Joera itxuraz minimalista puntu bat duten abestiak egitea ere bilatu du, eta ahotsekin, geruzekin eta efektuekin asko jolastea”.
Letrei garrantzia berezia ematen die donostiarrak, eta hauekin konforme egotea da “gehien kostatzen zaion gauzetako bat”. Bere abestien letra gehienak berak idazten ditu, baina batzuetan laguntza eskatzen du, aurreko bi diskoetan bezala, non hainbat bertsolariek egindako letrak ditu. Disko hau ez da salbuespena eta Itziar Ugarte gisako idazleen lanean oinarritutako hitzak aurkitzen ditugu.
Argitalpen singlea
Lan berria aurkeztu aurretik, hiru single aurreratu zituen Salvadorrek: Basan, Gerorik balego eta Azken eguzki printzak. Aldiz, argitalpen egunean, laugarren singlea estreinatu du: Zerbaiten zain. Izaro bizkaitarrak kolaboratu duen pieza da, eta laneko indartsuenetako bat dela dio argitaletxeak.