'Etorriko da (eta zure begiak izango ditu)': euskal animazio punkaren garaia
Euskal
Estricalla taldeak Könbergger kantuan erabili zuen Cesare Pavese poetaren detournement-a da titulua: “Bizitza etorriko da (eta zure begiak izango ditu)”. Originalean, “heriotza” etorriko da, jakina denez.
Animaziozko film laburra izanik, eta ahotsik gabea, irudien anabasarekin norberak eraikitzen du istorioa. Animalia basak, hedonismoa, gehiegikeria, miseria, kutsadura… Edukian eta formatuan film punk bat da, eta eskertu egiten da, hainbeste zuzentasunen garaian.
Azken Erromantikoak-ek On Falling-ekin duen elkarrizketa ikusi dugu Zinemaldian, eta Etorriko da (eta zure begiak izango ditu)-k antzeko atakan jartzen gaitu: euskal gaiak ez direla soilik euskal gaiak direnak. Hau da, Azkoitiko plazan gertatzen dena berdin-berdin dela unibertsala, Londresen, Parisen edo Bangkoken gertatzen dela bezainbat. Euskaldunok badugula zer esana, munduko eta garaiko elkarrizketa “unibertsaletan” (halakorik balego, behintzat).
Distopiak irudikatzetik utopiak berreskuratzera igaro behar garela iritzi dutenetakoa naiz. Baina baita ere punk pixka batek bihotza garbitu egiten duela, horrenbeste zabor prefabrikaturen artean. Apokalipsi irudiok berriz ere gozatzeko prest, eta horrela, Estricalla eta Angela Davisekin batera abestu dezakegu: “Iraultza gugan hasten da, gure barruan / Utopia gure bidaia askatasuneraino. / Baina ez dago helmugarik bizitako momentuak baizik. /Bizitza etorriko da / eta zure begiak . . . izango ditu”.
Ederra litzake Oñederraren bidea jarraituz, euskal ekoizpenek ildo hau esploratzea, munduari mambo pixka bat gehiago eskaintzeko. Has dadila euskal zinema punka!