Hirugarrena jarraian irabazi nahi dute
Realeko belar hockey taldea, pasa den asteburuko garaipena ospatzen.Reala Bitik bi irabazi ondoren, hirugarrena ere nahi dute. Realeko belar hockey taldeak ondo baino hobeto hasi du denboraldia, eta erregulartasuna berresteko partida jokatuko dute etzi, Poloren zelaian (12:30). Hiru fitxaketa berriek eta taldearen heldutasun puntuak koxka bat gorago eraman du taldea. Horrela, hirugarren garaipena jarraian eskuratzen ahaleginduko dira.
Futbolean, Realeko mutilak Europako puntuari ligan balioa ematen saiatuko dira. Izan ere, Imanol Alguacil entrenatzaileak Nizaren kontrako hamaikakoan aldaketa asko egin zituen —harrobiko bederatzi jokalarirekin atera zen berdegunera—. Aldiz, beste kontu bat da liga, eta txuri-urdinek garaipena behar dute. Batetik, etxeko bolada txarra eteteko —hirutik hiru galdu dituzte sasoi honetan—, eta, bestetik, sailkapeneko zulotik ateratzeko. Valentzia izango dute aurrez aurre, estu eta larri dabilen beste talde bat. Bihar ariko dira elkarren aurka, 18:30ean, Anoetan.
Realeko neskek, berriz, beste Levante baten aurka jokatu beharko dute etzi; Badalonakoa (17:00). Hain zuzen ere, Levante valentziarraren etxean irabazi berritan, konfiantzarekin daude txuri urdinak. Oso garrantzitsua izango litzateke hiru puntuak Zubietan geratzea.
Saskibaloian, Gipuzkoa Basketek lehen FEB liga berrituari ekingo dio, bihar, 20:45ean. Illunben Betis hartuko dute, eta ondo dakite denboraldia garaipen batekin hastea oso garrantzitsua dela.
PARTIDAK
Belar hockeya
Emakumezkoen ohorezko maila, 3. jardunaldia
- Polo – Reala (etzi, igandea, 12:30)
Futbola
Gizonezkoen liga, 8. jardunaldia
- Reala – Valentzia (bihar, larunbata, 18:30)
Emakumezkoen liga, 4. jardunaldia
- Reala – Levante Badalona (etzi, igandea, 17:00)
Saskibaloia
Gizonezkoen lehen FEB liga, 1. jardunaldia
- Gipuzkoa Basket – Betis (bihar, larunbata, 20:45)

