Golak dira ongi etorriak
Realeko mutilek eta neskek garaipen garrantzitsuak lortu dituzte asteburuan.
Anoetako lehen garaipena eta denboraldiko bigarrena eskuratu zuten Realeko mutilek, larunbatean. Hiru puntuak batzea ezinbestekoa zen txuri-urdinentzat, eta partida on bati esker lortu zuten helburua. Valentziak ez zizkion gauzak erraz jarri, baina Reala gai izan zen Kubok sarturiko lehen golari eusten, eta azken minutuetan markagailua borobiltzen. Orri Oskarsson aurrelari islandiarrak estreinako bi golak egin zituen, eta harmailak eztanda egin zuen aspaldiko partez. Izan ere, golak behar zituen taldeak, ongi etorriak direlako.
Realeko neskek ere irabazi egin zuten atzo, markagailua iraulita. Galtzen hasi ziren, baina argi geratu da lehiakortasunean urrats sendo bat egin duela taldeak. Bigarren zatia bukatu aurretik berdindu zuen neurketa Amaiur Sarriegi donostiarrak. Garaipena, berriz, bigarren zatian ziurtatu zuten Sanni Franssiren golarekin. Sailkapen nagusian nabarmen egin dute gora, eta, orain, seigarren tokian daude 6 punturekin.
Saskibaloian, Gipuzkoa Basketek ez dio lehen FEB ligari nahi bezain ondo ekin. Larunbatean jokatu zuten denboraldiko lehen partida Illunben, Betisen aurka. Lehen bi laurdenetan maila onean aritu ziren, baina arerioak neurria hartu zion azken bi laurdenetan (62-77). Aurrera begira, lanean jarraitzea besterik ez dute.
Belar hockeyan, Realak sasoiko lehen porrota jasan zuen atzo, Poloren zelaian. Txuri-urdinek norgehiagoka ona jokatu zuten, eta aurretik jarri ziren markagailuan. Ordea, etxekoak berdindu eta aurretik jartzea lortu zuten. Realak partida berdindu zuen, baina Polok hirugarren gola egitea lortu zuen azken txanpan (3-2).
EMAITZAK
Futbola
Gizonezkoen liga, 8. jardunaldia
- Reala 3 – Valentzia 0
Emakumezkoen liga, 4. jardunaldia
- Reala 2 – Levante Badalona 1
Saskibaloia
Gizonezkoen lehen FEB liga, 1. jardunaldia
- Gipuzkoa Basket 62 – Betis 77
Belar hockeya
Emakumezkoen ohorezko maila, 3. jardunaldia
- Polo 3 – Reala 2