Europan ere etxeko lanak egin nahi dituzte
Realak Anderlecht hartuko du Anoetan, Europa Ligako bigarren jardunaldian (18:45).
Bolada on baten beharra du Realak, eta, horretarako, etxean bigarren partida jarraian irabazi beharko du. Ligako lanak beteta, Europa Ligaren txanda da. Valentziari ondo irabazi ostean, hiru puntuak batzen ahaleginduko dira txuri-urdinak. Belgikako Anderlecht taldea izango dute aurrez aurre, 18:45ean, Anoeta futbol zelaian.
Nizan lorturiko berdinketa hobea izango da gaur irabazita. Imanol Alguacilek 24 jokalari izango ditu eskura, eta deialdian badira aldaketa batzuk. Igor Zubeldiari atsedena eman dio oriotarrak, eta Sheraldo Becker sartu da lunbalgia arazoak gaindituta. Urko eta Magunazelaia ere deialditik kanpo geratu dira.
Anderlecht ez dabil beste batzuetan bezain fin. David Hubert entrenatzaile berriaren aginduetara, ligan bi berdinketa eta Europan garaipen bat eskuratu dituzte. Horrela ere, ez da arerio erraza izango txuri-urdinentzat.