Laugarren garaipena jarraian lortu nahi du Realak
Txuri-urdinek sailkapeneko goiko aldean egonkortzeko partida jokatuko dute Betisen aurka, Zubietan.
Aldaketen eta berregituraketaren fruituak jasotzen hasi da emakumezkoen Reala. Aulkitik zelaira bitarte egindako iraultza txikiak merezi izan duela dirudi. Txuri-urdinek hiru garaipen jarraian eskuratu dituzte ligan, eta laugarrena nahi dute. Horretarako, Betis mendean hartu beharko dute bihar, Zubietan (12:00). Sailkapen nagusian goiko postuetan egonkortzeko baliagarria izango litzateke. Izan ere, une honetan bosgarren postuan daude.
Eskubaloian, Bera Berak Europako Ligako lehen kanporaketako itzulerakoa jokatuko du bihar, Gaska kiroldegian (12:00). Bi goleko errenta laburra lortu zuten Benficaren kontra jokaturiko joanekoan (28-30). Hortaz, alde hori baliatzen eta kudeatzen asmatu beharko du Donostiako taldeak.
Saskibaloian, Ibaeta Basketek Europako garaipena presente izango du ligako partidan. Kanarian Handiaren pistan jokatuko dute bihar, bigarren jardunaldia (19:00). Etxeko lehen neurketa galtzea gogorra izan zen Azu Muguruzak gidaturiko neskentzat. Ordea, Europako txapelketan Izar Gorria mendean hartzeak konfiantza emango dio. Gipuzkoa Basketek, berriz, ez dio neurria hartu lehen FEB maila berrituari, nahiz eta arerio ezagunen kontra aritu. Menorcaren bisita izango dute etzi, Gaska kiroldegian (18:00). Bi porroten ostean, garrantzitsua litzateke aurreneko garaipena lortzea.
Belar hockeyan, Realak garaipenaren bidera itzuli nahi du. Horretarako, Sardinerori irabazi beharko diote bere zelaian. Bihar ariko dira elkarren aurka, 17:00etan. Denboraldia ondo hasi zuten, baina detaile txikiengatik galdu dituzten partidek zalantzak sortu dituzte.
Izotz hockeyan, Txuri Urdineko neskek soilik jokatuko dute asteburuan. Emakumezkoen ligako liderrak dira, jokaturiko partidetan koxka bat gorago daudela erakutsita. Majadahondaren izotz pistan ariko dira etzi, 13:45ean.
PARTIDAK
Futbola
Emakumezkoen liga, 6. jardunaldia
- Reala – Betis (bihar, larunbata, 12:00)
Eskubaloia
Europako Liga QR2, itzulerakoa
- Bera Bera – Benfica (bihar, larunbata, 12:00)
Saskibaloia
Emakumezkoen liga, 2. jardunaldia
- Kanaria Handia – Ibaeta Basket (bihar, larunbata, 19:00)
Gizonezkoen bigarren mailako liga, 3. jardunaldia
- Gipuzkoa Basket – Menorca (etzi, igandea, 18:00)
Belar hockeya
Emakumezkoen liga, 5. jardunaldia
- Sardinero – Reala (bihar, larunbata, 17:00)
Izotz hockeya
Emakumezkoen liga, 4. jardunaldia
- Majadahonda – Txuri Urdin (etzi, igandea, 13:45)