'The Wake' eta 'Betiko Gaua' izan dira film laburrik onenak
Banatu dituzte VIII. Donosskino film laburren jaialdiko sariak. Puerto Ricoko Luis Gerard zinemagilearen The Wake filmak eskuratu du epaimahaiaren film labur onenaren saria. Aldiz, Eneko Sagardoi zuzendari bizkaitarrak eskuratu du Betiko Gaua estreinako lanari esker euskal film labur onenaren Etxean Shortuak saria.
Amaia Lizarraldek, Jonathan Sedeñok eta Ioseba Vilasek osatu dute aurtengo epaimahaia. The Wake filma laburra arrazoi hauengatik saritu dute: “Bukaera bisual eta tekniko paregabea du. Trama hunkigarri bat dauka”. Betiko Gauak filmaz, berriz, hauxe da adierazi dutena: “Elementu gutxirekin tentsio giroa sortu dute, aktore talde onarekin eta emaitza ezin hobea lortu dutelako zuzendaritzatik”.
Gainerako sariak
Ikusleen saria Marta Eturaren Lucia film laburrak irabazi du, jaialdian zehar Antzoki Zaharrean egindako saioetan boto gehien jaso ostean. Aktore onenaren saria, berriz, Yala Romero eta Veronica Oriente aktoreek jaso dute, Andrea Casasecasen Sábado lanagatik.