Intxaurrondoko bizilagunen hitza errespetatzeko eskatu dute
EH Bilduk eta Elkarrekin Donostiak Sorleku parkea aurreikusitako lekuan jartzeko eskatu diote udal gobernuari.
Hautsak harrotu ditu Intxaurrondoko Marrutxipi eremuan disuasio aparkaleku bat jartzeko proiektuak. Batez ere, udal gobernuak Sorleku parkea jartzea aurreikusten zen lursail berean jarri nahi duelako aparkaleku hori. Asteleheneko udal batzordeetan aurreratu zuen udalaren asmoa Juantxo Marrero Obra eta Proiektuetako zinegotziak, eta Eneko Goia alkateak baieztatu zuen asteartean, Tokiko Gobernu Batzordearen osteko agerraldian.
Elkarrekin Donostiako Arantza Gonzalez zinegotziak gune publikoen batzordean egin zuen interpelazio bati esker jakin ahal izan da udal gobernuaren asmoa. Hau da, Sorleku parkea baztertu eta disuasio aparkaleku bat jartzeko proiektua. Erabakiarekin kritiko agertu dira Elkarrekin Donostia eta EH Bildu. “EAJk eta PSE-EEk lezio penagarria eman die parkearen diseinuan parte hartu zutenei, zinismo ariketa triste batean ahotsik gabe utziz”, deitoratu du Elkarrekin Donostiak. Intxaurrondoko bizilagunen hitza errespetatzea, eta Sorleku parkea aurreikusita dagoen moduan eta eremuan egitea eskatzen dugu”, adierazi du EH Bilduk.
Marrutxipiko lotune berriarekin lotu du udal gobernuak disuasio aparkalekua, eta horrekin ere ez daude konforme bi udal taldeak. “Ibilgailu pribatuak Gros auzora iristea errazteko ireki dute lotunea, eta disuasio aparkaleku bat jartzeko arrazoiaren xehetasun gehiagorik ez dute eman”, esan du Elkarrekin Donostiak. “Marrutxipiko saihesbide berriari erantzuna emateko proposamena da hau, atzeko plano batean utzita iragarritako konpromisoak eta emandako hitzak”, gehitu du EH Bilduk.
Parkearen alde
Intxaurrondok Sorleku parkea behar duela dio EH Bilduk, eta auzotarrek azalpenak behar dituztela: “Pare hartu dutenei errespetua sor zaie”. Horrekin batera, proposamen bat luzatu du udal taldeak: “Sorleku errespetatu eta ekialdean disuasio aparkaleku bat egitea bateragarriak dira. Zentzu honetan, gogoratu behar dugu udaran proposamen zehatz bat iragarri genuela: Intxaurrondon, zehazki Siustegi gisa ezaguna den zonaldean (Guardia Zibilaren kuartelaren alboan), solairukako disuasio-aparkaleku berri bat eraikitzea”.
Parkearen ordez, disuasio aparkaleku bat lehenesteak hiri ereduen arteko talka bat suposatzen duela uste du Elkarrekin Donostiak: “Hirigintzaren oinarrizko printzipioen arabera, zenbat eta errepide eta aparkaleku gehiago eraiki, orduan eta auto pribatu gehiago joango dira. Baina printzipio horrek adierazten du, halaber, zenbat eta parke eta espazio publiko gehiago izan, orduan eta handiagoa izango dela giza garapenaren eta hirian elkarrekin bizitzearen indizea”.