Onddolapurrak
Udazkenak, beste gerren artean, onddoena dakar: txokorik ezkutukoena nork topatuko eta sekretua ondoen nork gordeko. Beti ere, jan daitekeena baino kilo gehiago hartzeko helburuz.
Gipuzkoarrak «robasetas», nafarrak «meaplayas», eta honela, zenbat alferrikako etsaitasun. Freudek deitzen zion «desberdintasun txikien nartzisismoa», alegia, desberdintasun handiak baino, desberdintasun txikiek sortzen dutela herra eta mesfidantza, eta gatazka itsusi mordoa.
Mundua doan eran, edozein desberdintasun da etsaitasunerako aitzakia, eta perretxikoak nola, biderkatzen doaz arazoak han-hemenka. Ea udazkeneko mendi bueltek apur bat baretzen duten giroa, bestela ez gara negura helduko.