Palmondoak Amezketa plazan utziko dituzte, bizilagunek eskatutako lekualdaketa baztertuta
Amara Berriko bizilagunek ez dakite zer gehiago egin Amezketa kalearen aldamenean dauden palmondoak kentzeko. Plaza urbanizatzen ari direnez , lanak baliatu eta zuhaitzak behin betiko kentzeko aukera egokia dela uste dute. Hala, helarazi diote udalari birritan, gunearen argiztapen naturala kaltetzeaz gain, inguruan dabiltzan arratoientzako babesleku direla baieztatuta. Udalak, baina, beste plan batzuk ditu: zuhaitzak ez dira lekuz mugituko, horren ordez, moztu eta inausi egingo dituzte,inguruko etxebizitzei ahalik eta eragozpen gutxien eragiteko.
Azken erabaki horrekin, udal gobernuak atea itxi die ia bi hilabeteko eskaerei eta protestei. El Diario Vasco egunkariak jaso duenez, Carlos Garcia Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako zinegotziak zuhaitzak lekualdatzea baztertu du, kostua dela eta: “Ezin ditugu hiriko beste toki batera eraman. Operazioaren kostua ez da berdina metro batzuk mugitzen badira edo beste auzo batera eraman behar badira”, adierazi dio zinegotziak Vocento taldeko egunkariari.
Bizilagunen taldeak berriz harriduraz hartu du azken berria. Ez dute ulertzen nola egon daitezkeen “hain tematuta” udalean palmondo batzuk mantentzearekin, are gutxiago, bizilagunen kalterako bada. Amara Berriko bizilagunen elkarteak hedabide honi jakinarazi dion moduan, bizilagunek irailetik daramatzate bilerak egiten, udalarekin akordio batera iritsi eta alternatibak topatzeko: “Akaso, hori izan da politena. 30 eta 50 lagun artean bildu garela hainbatetan, eta hori, gaur gaurkoz, ez da batere ohikoa”, adierazi dute kideek.
Isostegi biribilgunea
Etengabeko alternatiben bilaketan, bizilagunek palmondoentzako espazio berria dute buruan: Isostegi biribilgunea. Azaldu dutenez, modu horretan ez litzateke palmondoak hiritik barrena garraiatzeko makina berria kontratatu behar, palmondoa metro batzuk garraiatuko duen makinak berak egin lezakeelako: “Hamar minutuko kontu bat litzateke, hiru beharrean, eta trafiko agente baten laguntza baino ez litzake beharko”, adierazi dute.
Bizilagunek diotenez, aukera berri horri helduko diotela diote, inausketak behin behineko konponketa baino ez direla iritzi baitute: “Palmondoa lehen pisuan badago orain, bi urte barru bigarrenera iritsi daiteke, eta handik gora, eguzkia bilatzen baitute. Aurkakotasunarekin jarraituko dutela baieztatuta, adierazi dute, egoeraz barre egiteko “Ferminaren Palmera” izeneko kantu bat sortu dutela, Fermina bizilaguna baita kaltetu nagusia: “Jendeak honezkero umorearekin hartzen du afera, ez duelako beste erremediorik”.