Introspekziorako eta meditaziorako kontzertua eskainiko du Mikel Azpirozek
Mikel Azpiroz pianista donostiarrak kontzertua eskainiko du larunbatean (hilak 26), Lugaritz Kultur Etxean, 19:30ean; sarrerak hemen eskuratu ditzakezue. Pake Pieza diskoa aurkeztuko du Azpirozek emanaldian, eta Karlos Aranzegi bateria jotzailea eta Fernando Neira baxu jotzailea izango ditu bidelagun.
Azpirozek bakarlari gisa ondutako laugarren diskoa da Pake Pieza, bluesak eta jazzak zeharkatutako tonu intimistako bederatzi konposizio dituena; entzulea introspekziora eta meditaziora daramate abestiek, bai diskoan entzunda eta bai zuzenean entzunda.
Duela urtebete argitaratu zuen donostiarrak disko hori, Gaua (2013), Zuri (2016) eta Islak (2020) lanen jarraipen gisa. Ibilbide luzeko musikaria da Azpiroz, eta bakarlari gisa aritzeaz gain, musikari eta talde hainbatekin ere aritzen da elkarlanean. Bestalde, Elkano Browning Cream taldeko burua da, duela hamabost urte baino gehiago; blues kutsuko musika egiten dute, baina euren ukitu propioarekin. Hain zuzen ere, 2021ean atera zuten Eup! azken diskoa, eta hedabide honek luze eta zabal hitz egin zuen orduan Azpirozekin.