Udalak 2,5 milioi euroko kalte ordaina erreklamatu dio Baika enpresari
Bretxa eta ingurua berritzeko proiektuaren diru kontuak argitu nahian dabil Donostiako Udal Gobernua. Gaur onartu dute Baika Mercados emakidadun ohiari 2.438.094 euroko kalte ordaina erreklamatzea, kontratuan ezarritako lan batzuk egin gabe uzteagatik. Enpresak hamabost eguneko epea izango du alegazioak aurkezteko.
Udalari eragindako galeren zenbatekoa zehazteko, Hirigintza zuzendaritzak Arkuak eraikinean egiteko dauden lanen inguruan egindako txostena kontuan hartu dute. Bretxaren emakida Baika enpresak hartu zuenean, Arkuak eraikina bukatuta eta martxan zegoen. Ordea, enpresak eraikineko espazioak berrantolatu zituen, eta obra bukatu gabe utzi zuen. Ondorioz, lan horiek bukatzeko behar diren obrak kontratatu beharko ditu udalak. Bestalde, Ondare zerbitzuaren txostenaren arabera, baserritarren behin-behineko postuen karpa alokatzeagatik faktura bat ordaindu gabe dago, eta hori Baikari dagokio.
Aipaturiko zenbateko horren barruan daude udalak bere gain hartu behar ez dituen inbertsioak eta gastuak, kontratistari egotz dakizkiokeen arrazoiengatik emakida iraungitzearen ondorioz sortutakoak.
Galeren zenbatekoa emakidaren iraungipenagatiko kalte ordain gisa ordaindu beharreko zenbatekotik deskontatuko da. Ordaindu gabe dauden fakturak ere kalte ordainetik deskontatu beharko dira.