Erdialdeko eta Groseko aparkalekuak itxiko dituzte gauez, erabiltzaileak ez direnei sartzea eragozteko
Bulebarreko aparkalekua. Telpark enpresak Erdialdean eta Grosen kudeatzen dituen sei aparkalekuek oinezkoentzako itxiturak izango dituzte, baita datorren urteko Aste Santuan egoiliarrek aparkatzeko ate bereiziak ere. Aparkalekuetako segurtasun baldintzak hobetzea da helburua, izan ere, irailean Katalunia plazako aparkalekuaren inguruan eta Easo plazako aparkalekuan gertatutako sexu erasoek aparkaldien segurtasun baldintzei buruzko alarmak piztu dituzte, eta oposizioko taldeek azalpenak eskatu dizkiote udal gobernuari hilabete honetako batzordeetan.
EH Bilduk eta PPk interpelazioak egin dizkiote udalari Espazio Publikoaren batzordean, aparkalekuak kudeatzen dituen enpresako langileen ordezkariekin hitz egin ostean. Jorge Mota PPko zinegotziak batzordean adierazi zuenez, aparkalekuetan ez da segurtasun pribaturik antzematen, eta galdetu zuen ea zertarako balio duen sistema batek eraso bat gertatzen denean inor joaten ez bada. Bestalde, Garbiñe Alkiza EH Bilduko zinegotziak adierazi zuenez, “ez da bermatzen segurtasuna gauero eta aparkaleku guztietan”, eta, ondorioz, “ez da udalaren eskua ikusten” aparkaleku horiek kudeatzeko kontratuaren baldintzak betetzean.
Bere aldetik, Mugikortasuneko zinegotzi Olatz Yarzak interpelazioei erantzun zien, esanez udala enpresaren gainean dagoela “pleguko baldintza guztiak bete ditzan”, eta ez “enpresak langileekin dituen lan harremanak zaintzeko”. Baieztatu zuen aurkeztutako txostenekin Telparkek frogatzen duela enpresak kontratuaren baldintzak betetzen dituela. Yarzaren arabera, Telpark segurtasun neurriak areagotzen ari da “langileen etengabeko presentzia fisikoa eguneko 24 orduetan” duten esparruetan. Era berean, aparkalekuak interfonoekin, grabazio kamerekin, mikrofonoekin, ateak irekitzeko sentsoreekin eta sistemak kontrolatzeko sentsoreekin hornituta daudela nabarmendu zuen.
Eason eta Atotxan egin duten moduan, ateak jarriko dituzte orain Katalunia plazako, Bulebarreko, Okendoko eta Kontxako aparkalekuetako sarreretan, erabiltzaileak ez direnek sartzeko aukera izan ez dezaten.

