Sorleku parkea Marrutxipin jartzearen alde agertu da udalbatza
PSE-EEk izan ezik, gainerako udal talde guztiek kokalekua mantentzeko eskaera babestu dute.
Urriko udalbatzarrak agerian utzi du Donostiako Udal Gobernua osatzen duten EAJk eta PSE-EEk iritzi desberdina dutela Sorleku parkearen kokalekuaren inguruan. Elkarrekin Donostiak parkea Intxaurrondoko Marrutxipi eremuan mantentzea eskatu du mozio baten bidez. Udal talde guztiek babestu dute sozialistek izan ezik. Kontra bozkatu duten bakarrak izan dira.
Juantxo Marrero PSE-EEko zinegotziak azalpenak eman ditu, haren udal taldeak parkearentzako beste leku bat aurreikusten duelako. Hain zuzen ere, prentsaren bidez jakinarazi dute gaur Sorleku parkea Intxaurrondoko beste zona batean jartzeko proposamena. Zehazki, Ametzagaina parkean, Otxoki inguruan. Marrerok adierazi du kokaleku hobea dela parkearentzat.
EAJk, berriz, mozioaren alde bozkatu du, eta horretarako lau arrazoi plazaratu ditu Mariaje Idoeta zinegotziak: “Lehenik, lursail honek Sorleku parkea jartzeko izan behar duelako. Bigarrenik, bat ez, bi partaidetza prozesu egin direlako. Hirugarrenik, 2021ean Ekialdeko Barrutiko batzordeak eta udalak konpromisoa hartu zutelako Sorleku parkea han jartzeko. Laugarrenik eta azkenik, aurtengo udal aurrekontuetan 400.000 euroko diru saila aurreikusi dugulako parkearentzat”.
“Garaipen bat”
EH Bilduk oharra plazaratu du udalbatzarraren ostean, eta Sorleku parkearentzat gaurko eguna “garaipen bat” izan dela aldarrikatu du. “Berriro berretsi da hasiera-hasieratik udal gobernua erratuta ibili dela bi partaidetza prozesutan oinarrituta herritarrek aurrera atera duten proiektuarekiko izan duen jarrerarekin”, adierazi dute.
Udal gobernua osatzen duten EAJren eta PSE-EEren iritzi kontrajarria dela eta, galdera bat luzatu dute: “Zer egingo du orain Eneko Goiaren udal gobernuak?”.