Gure porroten zerrenda luze-luze-luzea
Urtebete igaro da jada Donostiak ezertarako balio izan ez zuen mobilizazio masiboa egin zuenetik. Eta ez dut esan nahi gaizki egin zenik. Baizik eta, tamalez, ez zuelako zuzenean transmititutako genozidioa gelditzeko, edota baretzeko balio izan. Tamal-tamalez, urtebeteren ostean, ez dugu nahikoa egin. Mahasen Al-Khatib ilustratzailea, 43.000 palestinar ezagun eta anonimo eta 2.500 libanoarrak lekuko tamalgarri.
Saiatu gara, edo saiatu garenaren plantak egin ditugu. Hilabetean behin hasieran, bi hilabetean gero, gure egunerokotasuna baldintzatzen ez duten mobilizazioek eta kantuek eta sinadura bilketek ez dute horretarako balio izan.
Bueno, tira, akaso balio izan dute zerbaitetarako: gure kontzientzia solidarioak pizteko.
Edo ez. Agian hori ere ez.
Galdetu etxe ondoan kalean lo egiten duten 300 lagunei. Beldurra elikatzen dutenek elkarretaratze bat egin eta udalak eta bere poliziak debekatzen baditu indarrez afari banaketak… non geratzen da Donostia solidarioaren indar hori?
Lau urteko lana pikutara botako dute betikoek, eta Donostiaren porroten historian beste puntu beltz bat jarriko dute. Baina gosea ez da ezabatzen dekretuz.
Zeren mobilizazioek ez dute dena aldatzen. Baina dena aldatzeko lehen urratsak dira.