Irabazleak eta galtzaileak
Realak Europa Ligako lehen garaipena lortu du Maccabi Tel Aviv israeldarrei Belgraden irabazita (1-2).
Gerretan irabazleak eta galtzaileak daudela esan ohi da. Irabazleen artean, ordea, badira galtzaileak, eta galtzaileen artean irabazleak. Israel hainbat estaturekin gerran dagoela diote, baita Jokin Aperribai Realeko presidenteak ere. Hori gezurra da. Sionismoa erailketak eta sarraskiak egiten ari da, batez ere, Gazan (Palestina).
Testuinguru salagarri hori dela eta, Realak eta Maccabi Tel Aviv-ek Belgraden (Serbia) jokatu zuten atzo Europa Ligako hirugarren jardunaldiko partida. Harmailak ia hutsak zirela aritu ziren aurrez aurre Partizanen berdegunean. Zorionez, ez zen gudu zelai bihurtu, baina batek irabazi zuen eta besteak galdu.
Txuri-urdinek eskuratu zituzten hiru puntuak, nahiz eta neurketa irregularra jokatu. Lehen zati aparta jokatu zuen Realak, eta gol bat baino gehiago egiteko aukera oso onak izan zituzten. Ordea, ate aurrean soilik Jon Pachecok asmatu zuen, buruz baloia sareetara bidalita.
Bigarren zatian, pauso bat atzera egin zuten txuri-urdinek, eta Maccabik bat aurrera. “Etxekoak” berdintzeko moduan izan ziren arren, Realak asmatu zuen bigarrenez. Sergio Gomez kataluniarrak kontraeraso bat borobildu zuen, eta baita berak jokaturiko partida bikaina ere. Aurretik, epaileak Sadiqen gol on bat baliogabetu zuen Aguerden jokoz kanpoko xelebre bat adierazita. Txuri-urdinak behar baino gehiago lasaitu ziren, eta Maccabik gola egin zuen Turgemanen bidez. Horrek zalantzak eta urduritasuna sortu arren, Realak emaitzari eutsi zion.
Hiru partida jokatuta, lau puntu dituzte txuri-urdinek, eta Europa Ligan aurrera egiteko sailkapeneko zortzi onenen artean geratu behar dira. Une honetan, hamazazpigarren tokian daude —36 talderen artetik—.