Hamaika proposamen, Intxaurrondo Zaharra bizigarriago egiteko
Intxaurrondo Zaharrak behar eta gabezia handiak ditu hainbat arlotan. Horregatik, IZBE auzo elkarteak auzoa «aktibatzeko eta hobetzeko» plana ondu du, proposamen ugarirekin.
Behar asko ditu Intxaurrondo Zaharrak: irisgarritasunari, mugikortasunari, zerbitzuei eta espazio libreei dagokienez, besteak beste. Hori dela eta, auzotarrek urteak daramatzate Donostiako Udalari eskaerak egiten, eta plan oso bat garatu du oraingoan IZBE auzo elkarteak, gabezia eta behar ugari agerian utziz, baita proposamen eta alternatiba andana planteatuz ere.
Izan ere, IZBEk azaldu duenez, «ezaugarri bereziak» dituen eremua da Intxaurrondo Zaharra: «Zati handi bat mendi hegalaren gainean eraikita dago, eta 1950eko eta 1960ko hamarkadetan urbanizatutako espazio asko bere horretan mantendu dira, edo gutxieneko mantentze lanekin. Biztanleria zahartuz joan da, eta orografia baldintza guztiz kaskarrei aurre egitea besterik ez zaio geratu».
Halaber, auzo elkarteak salatu du udal gobernuaren «inplikazio falta» sumatzen dutela. «Oso lagungarria izango litzateke udalak berak sustatutako espazio publikoa aktibatzeko eta hobetzeko plan bat, 2019an Amara Berrin burututakoa bezalaxe. Hori guztia herritarrek parte hartzeko prozesu baten bidez», gehitu dute.
Auzo irisgarri baten alde
Irisgarritasun arlokoak dira Intxaurrondo Zaharreko behar nabarmenenak, eremuaren orografia eta eraikin eta kale motak direla eta, atari askotara iristea ez baita batere erraza; bereziki, bertan bizi diren adineko ugarientzat. Luistarrak, Koruko Andre Maria eta Gaztelu kaleen inguruetan identifikatu ditu IZBEk zentzu horretan behar nabarmenenak: «Auzo komunitateetako atarietara sartzeko, indarrean dagoen irisgarritasunari buruzko legearen zehaztapenak betetzen ez dituzten eskailerak eta arrapalak erabiltzen dira». Elementu horiek, beraz, eraberritze bat behar dute, auzotar guztientzako irisgarriak eta bizigarriak izan daitezen eremu horiek.
Irisgarritasunak lotura zuzena dauka mugikortasunarekin, kale jakin bateko eskailerak edo arrapalak egokitzeak ez baitu balio handirik, herritarrek kale horretara heltzeko zailtasunak badituzte. Hori dela eta, mugikortasun bertikala sustatzeko beharra nabarmendu du IZBEk planean: «Aspaldiko eskaera da, baina udalak ez du konponbiderik eman. Kontuan izan behar da Lizardi kaleko arrapala eta eskailera mekanikoek zerbitzu ona ematen dutela, baina zerbitzu partziala da. Alde batetik, auzoko eremu bakarra lotzen duelako. Bestetik, gurpildun aulkian doazenek ezin dituztelako erabili eta soilik igoera zerbitzua ematen dutelako».
Hori dela eta, gogorarazi dute udalaren Mugikortasun Bertikalaren Plan Zuzentzaileak (2017), jasotzen duela Zubiaurre eta Zarategi pasealekuak auzoko bi eremutan lotzea, baina oraindik ez dela proiekturik abiatu.
Bestalde, mugikortasunarekin lotuta, Zubiaurre pasealekuan eta Intxaurrondo kalean ibilgailu motordunek abiadura murriztea bermatu behar dela aldarrikatu dute, adibidez, tarteren batean galtzada altxatuz; izan ere, «arrisku egoerak» sortzen direla deitoratu du auzo elkarteak. Era berean, Intxaurrondo osoa lotuko duen Intxaurbusaren aldarrikapen historikoa hizpidera ekarri dute —2.000 sinadura jaso zituzten horren alde—, baita alternatiba bat planteatu ere: «8 linea handitu daiteke Lafonteko geltokitik Txarako biribilguneraino». Halaber, 29 lineak Groseko anbulatorioan geldialdia egitea proposatu dute, auzotar askok bertan baitute familia medikua.
Espazioak berreskuratu eta biziberritu
Espazio erabilgarrien falta ere sumatzen dute IZBEkoek, baita dagoeneko erabilgarriak diren espazio batzuk eraberritzeko beharra ere. Ildo horretatik, hainbat proposamen egin dituzte, horietako bi, Txaparrene pasealekuarekin lotutakoak. Alde batetik, hain zuzen ere, pasealekuan oinezkoen, bizikleten eta patineteen arteko bizikidetza bermatzeko neurriak hartu behar direla aldarrikatu dute, bereziki, Renferen geltokitik Ategorrietaraino doan zatian. Bestetik, trenbidea estaltzea aldarrikatu dute, «zarata gutxitzeko» eta «auzoa zatitzen duen elementu batekin amaitu eta espazioa irabazteko».
Ildo beretik, Sorleku parkea behingoz gauzatzeko eskatu dute planean; hain justu, auzotarrek parte hartze prozesu zabal batean garatutako proiektua urte luzez geldirik eduki ostean, bertan aparkaleku bat jartzeko asmoa agertu du berriki PSE-EEk.
Intxaurrondo osoa lotuko duen Intxaurbusaren aldarrikapen historikoa hizpidera ekarri dute, baita alternatiba bat planteatu ere
Beste aldarrikapen historiko bat ere jaso dute planean: meteorologia eraikin zaharrari behingoz erabileraren bat ematea. Hamar urte inguru daramatza hutsik, Aemet erakundeak utzi zuenetik, eta hainbat proiekturen itzala izan badu ere, degradatuta eta erabilerarik gabe jarraitzen du. Horregatik, 2022an planteatutako proiektua, bertan adinekoentzako eta gazteentzako 40 apartamentu eraikitzekoa, «lehenbailehen» abian jartzea eskatu dute.
Bestalde, Larrotxene Kultur Etxea auzoaren behar berrietara egokitu behar dela azaldu dute: «Haurrak dituzten familia gazteago batzuk etorri dira bizitzera eta, beraz, erabilera beharrak areagotu egin dira. Ikus-entzunezkoen arloko instalazioak hobetu dira, baina liburutegia txiki geratu da, besteak beste». Horregatik, «beharren azterketa eta diagnostiko bat» egiteko eskatu dute, baita proposatu ere kultur etxearen ondoko lokala erosteko, Erkizia aroztegi zaharrarena (urteak daramatza itxita), kultur etxea handitzeko.
Mantentze lan ugari
Hein batean edo bestean, lanketa apur bat behar dute aipaturiko proposamen eta eskaera gehienek, baina horiek bezain beharrezkoak dira Intxaurrondo Zaharrean mantentze lanak, eta horiek ez dute lanketa handirik behar, borondatea eta diru partida batzuk baino ez. Horrela, IZBEk mantentze lanetako 28 esku hartzeren beharra identifikatu du Intxaurrondo Zaharrean, baita planean zerrendatu ere. Datu adierazgarri bat: erdiak baino gehiagok Luistarrak kalearen inguruarekin dute zerikusia.
Beharrak eta proposamenak planteatu dituzte, beraz, intxaurrondotarrek. Hiri antolamenduko plan orokorra (HAPO) berrikusten ari diren honetan, Donostiako Udalak aukera ona dauka orain plana aztertu eta proposamenak HAPO berrian aintzat hartzeko.