Arrazakeriaren, faxismoaren eta klasismoaren kontrako elkarretaratzea egin dute Amaran
300 bat lagun batu dira astelehen iluntzean Amarako Easo plazan, Lo que no te cuentan de Donosti taldeak aurreikusita zuen elkarretaratzeari aurre egiteko. LQNTCDD-k bertan behera utzi zuen atzo bertan elkarretaratzea, Valentziako egoeragatik, eta beraz, ez da inolako liskarrik izan elkarretaratzean.
Hainbat eragile antifaxistek eta antirrazistek deialdi bateratua egin zuten joan den astean, “arrazakeriaren, klasismoaren eta faxismoaren” kontra. Joan den igandean, manifestazio jendetsua egin zuten eragile berek, Kaleko Afari Solidarioen debekuaren inguruan, eta nabarmendu dute manifestazio hark eta atzoko elkarretaratzeak erakusten dutela mobilizazioak balio duela. Zentzu horretan, “antolakuntza antifaxista” indartzeko deia egin dute.
Joan den ostiralean, hedabide honek segurtasunari eta eskuin muturraren loturaz erreportaje zabala argitaratu zuen. Besteak beste, LQNTCDD taldeak betetzen duen “izu moralaren” anplifikadore papera aztertu eta elementu faxistek giro hau aprobetxatzen ari direla azaleratu genuen.