1,77 milioi euro metroko lanen eraginak konpontzeko
Easo eta San Bartolome kaleak eta Xabier Zubiri plaza urbanizatuko ditu Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Sailak, ETSren bidez.
Lur azpian zulaketa lanak bukatzear direla, lur gainekoa txukuntzeko unea iritsi da. Izan ere, Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Sailak —Euskal Trenbide Sarearen (ETS) kontratazio batzordearen bidez— metroko lanen eragina jasan duten Erdialdeko hainbat leku konpontzeko lanak adjudikatu ditu. Zehazki, 1,77 milioi euro bideratuko dituzte lan horietara.
Obraren lehen zatirako eskaintzarik onena Jaizubia enpresarena izan da, milioi bat euro pasatxokoa. Hamar hilabeteko egikaritze epea izango dute Easo kalea eta Xabier Zubiri plaza egiteko. Bigarren zatiak, berriz, 699.000 euroko aurrekontua eta lau hilabeteko epea izango ditu San Bartolome kaleko lanak egiteko.
“Bi jarduketetan egingo den espazioaren berrantolaketak, espaloiak handituz, autobus errei berriak sortuz eta atsedenguneak sortuz eta landaretza jarriz, oinezkoentzako guneak lehenetsiko dituen eta ibilgailu pribatuentzako espazioa murriztuko duen ingurune irisgarriagoan, seguruagoan eta jasangarriagoan inbertitzea ekarriko du”, azaldu du ETSk.
Xabier Zubiri eta Easo kalea
Erdialdean daude Xabier Zubiri plaza eta Easo kalea. Urbanizatu beharreko plazako espazio publikoak triangelu forma du, eta Easoko tartea, berriz, San Martinetik Askatasun Etorbideraino luzatuko da. Eremu horrek saltoki eta ostalaritzako establezimendu ugari ditu, eta horiek “eragin handia jasan dute” ia obren hasieratik, Erdialde-Kontxa geltokira sartzeko kanoia eta igogailua inguruetan baitaude.
Urbanizazio proposamen berriaren abiapuntua Zubieta kaleko galtzadaren trazadura aldatzea da, Xabier Zubiri plazako espazio publikoa handitzeko eta metroan sartzeko kanoia ingurunera egokitu ahal izateko. Horrela, oinezkoen fluxua indartu eta ibilgailuen zirkulazioa murriztu nahi da.
Horretarako, plazarako hiru sarbide nagusi sortuko dira, bat zebrabide baten bidez, Askatasun Etorbiderantz, beste bat hondartzarantz Zaragoza plazaren ondoan, eta azken sarbidea Easo eta San Martzial kaleetarantz. Azken horretan, asfalto inprimatua duen galtzada garai bat eratuko da, oinezkoari lehentasuna emateko galtzada horretatik igaroko diren autobus eta taxien aurrean, horrela pasabide zabal eta segurua lortzeko. Aldi berean, parterre motako berdegune txiki bat sortuko da hesi gisa Zubieta kaleko galtzadaren aldean, igarobideak mugatzeko eta oinezkoen segurtasuna bermatzeko.
Easo kaleari dagokionez, galtzada autobus eta taxientzako errei bakarra izango da. Espaloiak zabaldu egingo dira bi aldeetan. Gune horretan atseden-guneak sortuko dira, eserleku-jardinerekin. Gainera, oinezkoen segurtasunerako, Arrasate kalearekiko bidegurutzean asfalto inprimatua duen galtzada garaia sortuko da.
San Bartolome
San Bartolome kalearen kokapena desberdina da, toki mugatuagoa baita. Berrurbanizatu beharreko tartea Easo eta Urbieta kaleen artean dago, 80 metro inguru da luze, eta bidearen alde banatan bi espaloi ditu. Leku horretan, ETS duela hilabete batzuetatik ari da lanean Erdialdea-Kontxa geltokiaren etorkizuneko larrialdi-aireztapenak eraikitzeko.
Hartutako soluzioa kalearen funtzionaltasuna leheneratzeko eta hobetzeko premiara egokitzen da. Horrela, esku-hartze hori espazioaren berrantolaketa integrala egiteko eta norabide bakarreko autobus-erreia sortzeko baliatu nahi da, hiriaren hiri-garapenerako planekin bat etorriz. Hala, automobilentzako bigarren erreia eraikiko da noranzko bakarrean, zamalanetarako eremu bat egokituko da, eta espaloiak nabarmen handituko dira, oinezkoei leku gehiago emateko, atseden guneekin eta landaretzarekin.