«Gaintxurizketan Pirata egongo da eta hemen gu; animatu behar da!»
Kirolzale amorratua da Ricardo Dominguez Aranburu 'Riki' (Intxaurrondo, 1981), eta urteak daramatza Behobia-Donostiako korrikalariak animatzera joaten. Aurten, ordea, desberdina izango da, animazio puntu ofiziala jarriko baitu Mirakruzen.
Zer antolatu duzu iganderako?
Urte batzuk daramatzat, lagun batzuekin batera, Mirakruz gainaren inguruan jartzen Behobiaren egunean, korrikalariak animatzeko. Iaz, jende dezente elkartu ginen, bozgorailu eta guzti, eta, esan genuen, ‘hurrengo urterako, zerbait gehiago egin behar dugu’.
Izan ere, sarritan esaten da Behobia-Donostian jende asko egoten dela bidean animatzen, baina Mirakruzen ez horrenbeste. Eta, puntu kritikoa izanda korrikalarientzat, ezin liteke bertan animazio punturik ez egotea. Lasterketako animazioa Bengoa enpresak daramanez, beraiekin hitz egin nuen proposamena egiteko, beraiek Fortunarekin hitz egin zuten eta, horrela, aurten animazio puntu ofiziala jarriko dugu La Asuncion ikastetxearen aurrean. Gaintxurizketan Pirata [Jaime Alzugarai] egongo da, eta hemen gu; animatu behar da eta!
Zerbait berezia egingo duzue?
Bozgorailuekin joango gara askotariko musika jartzeko eta, Arzak jatetxea ondoan dagoenez, sukaldariz mozorrotuta joango gara; kartel bat ere zabaldu dugu, jendea animatzeko sukaldariz jantzita etortzera. Eta, gure asmoa da urtero jartzea puntua, errotzea eta gero eta jende gehiago elkartzea.
«Kirola beste modu batean bizitzea eta lasterketetara animatzera joatea erabaki nuen»
Edonor gerturatu daiteke zuen animazio puntura?
Bai, noski! Kontua da puntu kritiko horretan korrikalariak animatzea, kirola egiten ari zarenean, oso garrantzitsua baita animoak jasotzea! Gutxienez, hamar bat lagun elkartuko gara eta ingurukoek ere animatu dezaten ahaleginduko gara. Goiz osoa pasatuko dugu han, azkena pasatzen den arte.
Azkenean, edozein kiroletan, eskertzen da animoak jasotzea, baina ez da ahaztu behar Behobia-Donostia, lasterkari profesionalak etortzen badira ere, lasterketa herrikoia dela. Profil askotako korrikalariek hartzen dute parte eta batzuk larri heltzen dira hor gora.
Nolatan hasi zinen Behobia-Donostiara animatzera joaten?
Duela urte batzuk, pandemia iritsi zen arte, nik korrika egiten nuen. Ordea, lesio bat izan nuen, eta ez nuen berriz korrika egiteko moduan gainditu. Hori dela eta, kirola beste modu batera bizitzea erabaki nuen, eta lagun batzuekin batera, lasterketa ugari ikustera joaten hasi nintzen, korrikalariak animatzeko.
Konturatu nintzen jendeak animatzen zuela, baina ez hainbeste. Eta, Behobian, sarritan esaten da jende asko joaten dela ikustera eta animatzera, baina gu hasi ginen Arzak ingurura joaten, eta ikusten genuen jendeak hamabost minutuz animatzen zuela eta kito. Orduan, duela bi urte, lagun batek eta biok erabaki genuen bozgorailu bat eramatea, ganoraz animatzeko. Eta, orain arte.
Zer esango zenioke jendeari animazio puntura gerturatzeko animatzeko?
Korrika ateratzen diren guztiek sekulako meritua daukatela eta gutxienekoa dela animatzea; ez soilik zure laguna pasatzen denean, baizik eta edonor animatzea. Eta giro bikaina sortuko dugula!