Garagardoa, kontrako eztarritik
Realari asko zaildu zaio Europa ligako abentura, Txekiako Viktoria Plzen taldearen aurka galdu ondoren (2-1).
Futbola nahiko sinplea da. Irabazteko arerioak baino gol gehiago egin behar dira. Horretarako, aukerak sortu ez ezik, horiek ere baliatu behar dira garaipenak lortzeko. Esan moduan, sinplea da, baina konplexua ere izan daiteke. Hori da Realari atzo gertaturikoa. Viktoria Plzen etxeko taldea baino hobea izan arren, ez ziren irabazteko gai izan. Txekiarrek txuri-urdinen atzeko bi akats baliatu zituzten hiru puntu garrantzitsuak eskuratzeko. Beraz, Pilsen hiria, garagardoa kontrako eztarrik joan zitzaion Realari.
Neurketa hasi eta gutxira jarri zen maldan gora txuri-urdinentzat. Aduk Realeko jokalariak atzean utzi, eta Remiro gainditu zuen zartako eder batez. Ordurako, txuri-urdinak ondo jokatzen ari ziren, arerioa baino hobeto. Bide beretik jarraitu zuten, eta, horrela, berdinketaren gola iritsi zen. Mikel Oiartzabal kapitainaren erdiraketa bikaina buruz sareetara bidali zuen Orri Oskarsson aurrelariak. Aukera gehiago ere sortu zituzten, baina azken metroetan ez zuten asmatu.
Bigarren zatian, joan-etorrikoa bihurtu zen partida. Txekiarrek estutu zuten, eta kontraerasoan min egiten ahalegindu ziren. Baita lortu ere. Realak ez bezala, Viktoria Plzenek asmatu zuen, arauzko denbora bukatzear zenean. Etxekoen jaurtiketa bat Vaselinek desbideratu, eta ate barrura bidali zuen. Pilseneko zelaiak eztanda egin zuen, Europako sasoiko lehen garaipena eskuetan zutelako. Txuri-urdinek, berriz, burua makurtu zuten, huts egin izanaren sentsazio txarrarekin.
Lau partida jokatuta, bi galdu, bat irabazi eta bat berdindu ditu Realak. Ondorioz, lau puntu baino ez dituzte. Europa ligako sailkapenean 25. tokian daude, eta gelditzen diren hiru neurketak irabazita ere, kostata lortuko dute lehen zortzirenetan sartzea. Abentura bukatzen ari da.