Noventa Grados dendak irabazi du Donostiako VII. Merkataritza Saria
Donostiako Merkataritzako Sarien VIII. edizioaren sari banaketak egin dituzte ostegun iluntzean. San Sebastian Shopsek antolatzen du saria, Donostiako Udalaren eta Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren laguntzarekin.
Urteko Saltoki Donostiarraren saria irabazi du Parte Zaharreko Noventa Grados dendak. Merkataritza Ibilbidearen Saria, Groseko Merceria La Perlak irabazi du, 1910. urtetik “erreferente” delako. Sari hori bera jaso du baita ere San Martin merkatuko Rosa Mari arrandegiak. Saltoki Sortu Berriaren saria Amara Berriko Kuskurro okindegiarentzat eta Benta Berri Loreak loradendentzat izan dira. Saltoki Jasangarriaren saria Amarenak eta Gipsy Atelier dendek irabazi dute.
Antolatzaileen arabera, ekitaldiak “merkataritza esperientzia berriak” garatzen ahalegintzen diren saltokiak aintzatetsi eta lagundu nahi ditu; “beren negozioak eta, ondorioz, gure hiria, ingurune erakargarri, desberdin eta lagunkoi bihurtzeko etengabe lan egiten ari diren saltokiak, Donostia merkataritza-erreferente izaten jarrai dezaten”.
Eneko Goia Donostiako alkateak eskerrak eman dizkie saritu guztiei, eta tokiko merkataritza “gure hiriaren arimaren parte” dela adierazi du. Goiak ziurtatu duenez, “hemen zaudeten guztiok badakizue zein zaila eta gogorra den egunero pertsiana altxatzea, negozio bat irekitzea eta herrikideen babesa lortzea”.
“Erosteko aukera asko ordenagailu baten aurrean egiten diren garai hauetan, zuen lanbidea aldarrikatu nahi dut, beharbada munduko zaharrenetako bat dena: produktu baten transakzioa, zerbitzu batena, elkarri begiratzen dioten eta elkarri hitz egiten dioten bi pertsonen artekoa, zeinetan bezeroa pozik joaten den eta merkataria pozik geratzen den. Giza merkataritza, hori da Donostiako merkataritza”, adierazi du alkateak.
Donostiako Sustapenak egindako 2023ko Barometroaren azken txostenaren arabera, hirian txikizkako 2.418 saltoki daude, jarduera ekonomikoaren %13,4. Enpleguari dagokionez, merkataritzan 8.547 pertsonek lan egiten dute, hiriko guztizkoaren % 8,7a.