Guztiontzako Egia taldeak Blas de Otero plaza hartu du berriro, jolasen bidez kale egoeran dauden pertsonak ezagutzeko
Guztiontzako Egia auzotar sareak ekimen berria egin du. Ostegun iluntzean, pankarta herrikoi bat margotu dute kale egoeran dauden pertsonekin, norberaren gogo, amets eta irudimena bertan islatuz.
Taldearen helburua, egitasmo honen bidez, kale egoeran dauden magrebtarrak eta auzoko beste bizilagunak elkarren ondoan jartzea da, “elkar ezagutza sustatuz eta begietara begiratuz”. Honela, azken aldian auzoan “gora doazen” diskurtso “arrazista eta deshumanizatzaileei” aurre egin nahi diete, enpatiaren bidez, elkarlaguntza eta antolakuntzarako deia eginez.
Urte hasieran aurkeztu zen taldea Egian segurtasunaren, polizia indarkeriaren eta arrazakeriaren gorakadarekin kezkatuta, eta Blas de Otero plazan hainbat jarduera egin dituzte kale egoeran dauden migratzaileen egoera ikustarazteko helburuarekin.