Ezusteko paregabea
Realak Europako atea ixteko asmorik ez duela erakutsi du Ajaxi irabazita, Anoetan (2-0).
Balekoa baino gehiago da Realak atzo Europa ligako bosgarren jardunaldian lorturikoa. Zaila eta kasik ezinezkoa zirudiena, posible dela erakutsi zuten txuri-urdinek. Ajaxek hamasei partida zeramatzan jarraian galdu gabe, baina Donostian bukatu zitzaien bolada esanguratsua. Realak bigarren zati paregabe bati esker menderatu zuen Herbehereetako taldea (2-0).
Markagailuak ez du erabat islatzen zelaian ikusitakoa, bisitariek baloia bi bider zutoinera bidali zutelako eta gola egiteko aukera garbiak izan zituztelako. Ordea, Realari normalean gertatu ohi zaiona, Ajaxek pairatu zuen. Alegia, abaguneak izan arren, ez zuten asmatu Remiroren ate aurrean.
Aldiz, txuri-urdinek minutu txukunak jokatu zituzten bigarren zatian, eta jokalari batzuen kalitatea erabakigarria izan zen. Batez ere, Take Kubo japoniarrarena. Lehen golean, bere erdiraketa bati esker egin zuen gola Ander Barrenetxea donostiarrak. Bigarrena, berriz, berak sartu zuen Ajaxeko defentsa baten laguntzarekin. Aipatzekoak dira ere Jon Mikel Aramburu —min harturiko Aritz Elustondoren ordez sartu zena—, eta Beñat Turrientes erdilaria.
Garaipenari esker, Europa ligako sailkapenean nabarmen egin du gora Realak, eta kanporaketak jokatzeko postuetan dago. Txuri-urdinek 7 puntu dituzte, eta 16. postuan daude.