Anoeta gotortzeko unea
Realak Dinamo Kieven kontra jokatuko du gaur Europa ligako neurketa garrantzitsua (21:00).
Etxean goxo sentitzea lortu du Realak. Anoeta gotorleku bihurtzeko urratsa egin zuten txuri-urdinek ligan Bartzelona eta Europa ligan Ajax mendean hartuta. Garrantzitsua izan zen taldearentzat eta futbol zelaira joaten diren zaleentzat. Bolada on horri jarraipena emateko eta Europa ligako final-hamaseirenetara sailkatzeko, gaur gauean Ukrainako Dinamo Kiev gainditu beharko dute (21:00).
Arerioa azken sailkatua da, eta ez du partida bakar bat ere irabazi. Horren aurrean, Reala irabazteko hautagaia da, baina Europa ligan edozer gerta daiteke. Anderlechten aurka Anoetan galduriko partida ezin da ahaztu. Horrela ere, arrazoi eta baliabide gehiago dituzte txuri-urdinek urrezko hiru puntuak eskuratzeko.
Taldeari dagokionez, Imanol Alguacilek deialdian sartu ditu Aihen Muñoz, Sergio Gomez eta Martin Zubimendi. Hiruek min hartuta utzi zuten Leganesen kontrako partida, baina jokatzeko moduan izango dira. Berritasunen artean, Orri Oskarsson aurrelariaren eta Beñat Turrientes erdilariaren itzulerak dira aipagarrienak. Alguacilek atzoko prentsaurrekoan aitortu zuen Oskarsson ez dela hasieratik aritzeko moduan izango, baina seguru da minutuak izango dituela.