Berdintzearen garrantzia
Ibaeta Basket eta Charnay parez pare aritu dira Europako Kopako final-hamaseirenetako joanekoan (68-68).
Europan galdu gabe jarraitzen du Ibaeta Basketek. Multzoen fasean dena irabazi ondoren, txapelketa serioago jarri da donostiarrentzat, eta maila onari eustea lortu zuten atzo. Berdindu egin zuten Charnay frantziarren kantxan (68-68), eta Gaskan jokatuko den itzulera erabakigarria izango da. Izan ere, Europako Kopako final-hamaseirenetako kanporaketa gainditzea da helburua.
Pendande, Claessens, Massey, Buch eta Lara jokalariek osatu zuten hasierako boskotea. Joan-etorrikoak izan ziren lehen bi laurdenak, eta Ibaeta Basket markagailuan aurretik izan zen une askotan. Esaterako, atsedenaldira 34-39 iritsi ziren. Ordea, azken bi laurdenetan neurketa orekatu zuten frantziarrek, eta hirugarren laurdena aurretik bukatu zuten (50-49). Horrela ere, donostiarrek ez zuten amore eman, eta markagailuan abantaila hartzea lortu zuten —53-57, sei minutu faltan—. Charnayk ere estutu zuen, eta puntu bateko errentarekin ibili arren Ibaeta Basket, azkenik, berdinketarekin bukatu zen norgehiagoka.
Donostiako taldearen saskiratzeei dagokienez, Alba Prieto (15 puntu), Lara Gonzalez (10) eta Louice Halvarsson (10) izan ziren puntu gehien egin zituzten jokalariak.