EH Bilduk dio «eliteentzako etxebizitzek hiriaren bizitegi krisia» areagotzen dutela
Azken urteotan, Donostiako hainbat tokitan etxebizitza esklusibo eta luxuzkoen sustapenak ugaritu direla ohartarazi du EH Bilduk. Testuinguru horretan, agerraldi bat egin dute gaur goizean udaletxean, hiriak duen “bizitegi krisiari” buruz dituzten kezkak plazaratzeko. Ricardo Burutaran eta Markel Ormazabal zinegotziek parte hartu dute.
“Zenbait proiektu turistiko aldatu egin dira, eraikin osoetan finkatu nahi zirenak, luxuzko etxebizitzak izateko, eta horien salmenta prezioak milioi bat eurotik gorakoak dira. Gehienak turismo industria elikatzera bideratutako sustapenak dira, eta aurreikuspenetan aldaketak izan dituzte. Erregulazioen eta moratorien ondorioz, eliteen sektorean aurkitu dute irteerako atea”, azaldu dute.
Hiru adibide jarri dituzte: “Bilbo plazan, Katalunia plazan eta Zubieta kaleko 3. zenbakian dauden blokeen kasua da hori, aurtengo martxoan salatu genuen legez kanpokoa zela. EH Bildutik salatu genuenetik, eraikin honetan etxebizitza batzuk salgai jarri dira 1,8 milioi eurogatik. Hotelen ordez etxebizitzak izango dira, eta jakina da ez direla irtenbidearen parte izango, guztiz kontrakoa baizik. Suari gasolina botatzea da”.
Bestalde, “hustu dituzten etxebizitza blokeak” badirela salatu dute, “baita solairuen artean eta etxabeetan zeuden negozioak ere”. Presio metodoekin hustu dituztela gaineratu dute, “kasu askotan zalantzagarriak izanik”. Horren ildotik hainbat galdera egin dituzte: “Zer negozio mota ezar daitezke espazio berri horietan? Ez dirudi tokiko eta hurbileko merkataritzaren esku daudenik, baizik eta auzo baten nortasuna aldatzen duten frankizien esku. Nork du merkatu honetara sarbidea? Zer erabilera eman nahi zaie etxebizitza hauei? Eztabaida publikoan jar daitezkeen eta jarri behar diren galderak dira”.
EH Bilduk afera honetan duen kezka nagusia nabarmendu du: “Eliteentzat eta ez herritarrentzat pentsatutako hirigintza sustapenek kezkatzen gaituzte. Etxebizitza esklusiboa ere baztertzailea delako”. Kasu honetan ere, eredu batzuk jarri dituzte. Une honetan, abian daude hirigintza sustapen hauek: “San Martzial 29, 940.000 eurotik gorako prezioekin; Residencial Rodil, 36 etxebizitza dituen sustapena, bi logelako pisuekin 740.000 eurotik gorako prezioekin; Aldamar 1, non 790.000 eurotik gorako hiru logelako hamar etxebizitza aurreikusten diren; Harribitxi Donostia Gipuzkoa plazan, Elkano kalearekin, milioi bat eurotik gorako prezioekin; eta Ijenteako 2. ataria, bi eta hiru logelako 26 etxebizitza esklusiborako lizentziarekin”.
Ijentea 2
Luxuzko etxebizitzak aipatuta, duela egun batzuk EH Bilduk Ijentea kaleko 2. atariko lanetan “irregulartasunak” zeudela salatu zuen. Biharamunean, udalak obra gelditu zuen. “Lizentziak 26 etxebizitza aurreikusten ditu eta gutxienez 27 eraikitzen ari dira. Zer kontrol dago eraikuntza enpresa eta promotore handien gainean? Nora begira ari da EAJ-PSE-EEko udal gobernua?”, galdetu eta gogoratu du Burutaranek.