Haatik dantza konpainiak 'OTS' ikuskizuna estreinatuko du martxoan
Donostiako Haatik dantza konpainiak “lan oso berezi bat” prestatu du. OTS Garraxi mutuak, ixiltasun dantzatuak izango da bere izenburua, eta 2025eko martxoaren 9an estreinatuko dute Egiazko Gazteszena aretoan. Sarrerak dagoeneko salgai daude helbide honetan. Momentuz, hemezortzi emanaldiko bira bat egingo dute.
Ikuskizunaren oinarria Herri Gogoa Euskal Herriko lehen diskoetxea da. “Zigiluak islaturiko mugimendu kultural abangoardista berrinterpretatzeko bultzada gisa sortzen da. Lourdes Iriondotik, Mikel Laboara, eta Karmelo Bernaolatik Shegundo Galarzaraino”, adierazi du Aiert Beobide dantzariak eta Haatik konpainiako sortzaileak. “Zentsura zela eta, zigilu hori inoiz ofizialki existitu ez bazen ere, berrehun diskotik gora argitaratzea lortu zuen, euskal kultura biziberritu eta berritzeko helburuarekin”, gaineratu du.
Koreografiak nazioartean ospetsua den Jone San Martin dantzariak sortu ditu, euskal dantza inspirazio iturri gisa hartuta. “Hauek aztertzerakoan, antolatzeko eta espazioan idazteko modu berriak sortu, eta euskal dantzen mekanismoak, interprete bakoitzaren eta taldearen sentimendu intimo eta pertsonalagoak adierazteko tresna gisa erabili ditu”, nabarmendu du Beobidek.