Kontsumo arduratsuaz aritzeko ikasgela
Donostia Sustapena, Cristina Enea Fundazioarekin elkarlanean, jasangarritasuna bultzatzeko jarduera didaktikoak egiten ari da Gabonetako Azokan. Hiriko hainbat ikastetxetako LH 3. eta 4. mailetako ikasleentzat da.
Erosi, erabili, bota, eta, berriz ere erosi? Hori da kontsumismoaren gurpil etengabea. Horri balazta jartzeko konpromisoa du Donostiako Udalak, eta Donostia Sustapenaren bitartez, kontsumo arduratsuaren aldeko egitasmoa du Gabonetako Azokan. Cristina Enea Fundazioaren lankidetzarekin, jasangarritasuna sustatzeko tailerrak egiten ari dira Urumea plazako igluan, Norteko tren geltokiaren aurrealdean.
Donostiako hainbat ikastetxetako LH 3. eta 4. mailetako ikasleentzako egitasmoa da. Hilaren 10ean egin zuten lehen saioa, eta 19an izango da azkena. «Egun hauetan, ospakizun asko egiten dira. Hori baliatuta, mezu bat zabaltzea dugu helburu, ospakizunen inguruko hausnarketa bat. Izan ere, kontsumoan oinarrituriko festak dira», adierazi du Oihana Orkolagak, Cristina Enea Fundazioko Ingurumen Hezkuntza teknikariak. «Gabonetan kontsumo mota desberdinak daudela aldarrikatu nahi dugu, eta horiek ikasleei ikusarazi», gaineratu du.
Kontsumitzen dugun guztia beharrezkoa da? Galdera horren bueltan jartzen dituzte ikasleak. «Kontsumitzen dena zer den eta non erosten dugun, non fabrikatu den eta abar jakitea ezinbestekoa da», dio Orkolagak. «Aipaturiko guztia tailer eta dinamika bereziekin lantzen dugu, finean, haurrentzako delako. Ez dute erabakitze ahalmenik kontu hauetan, baina ondo dago beraiek jakitea kontsumoaren atzean dagoena, horretan pentsa dezaten. Izan ere, gure esku dago modu batera ala bestera kontsumitzea».
Tailerra, aisia eta saria
Cristina Enea Fundazioak igluko ikasgelan dinamizatzen dituen saioak ordu eta erdikoak dira. Hiru ataletan banatuta daude, eta tailerrak aisialdiarekin uztartzen dituzte. «Lehenik, kontsumoaren inguruko bideo bat jartzen diegu. Sakelako telefonoa izateari eta etengabe berritzeari buruzkoa da. Etengabe aldatu behar dugula esaten digute iragarkien bidez, eta horren ondorioak ez ditugu ikusten. Izan ere, mugikorren industriaren itzalean daude langileen lan baldintza kaskarrak, kutsadura eta beste», azaldu du Orkolagak. Bideoko pertsonaiaren zoriontasuna kontsumo horretan «korapilatuta» dago, eta «zoriontasun faltsu bat» da. «Zoriontasun hori beste modu batera bila daitekeela erakusten du. Esaterako, familian eta lagunartean», nabarmendu du Orkolagak.
Donostiako hainbat ikastetxetako LH 3. eta 4. mailetako ikasleentzako egitasmoa da
Bideoa ikusita, hausnarketa bat egiten dute, galderekin eta erantzunekin. Jarraian, festa bat antolatzeko aukera ematen diete ikasleei. «Ordea, ezin dute edozer gauza aukeratu, jasangarritasuna urratzen duten ondorioak daudelako», dio Orkolagak. Izan ere, ospakizunetan falta ezin diren hiru elementu aukeratu behar dituzte: opariak, janaria eta dekorazioa. «Dinamiken bidez, haurrei aukeraketa bat egiteko eskatzen diegu. Zein opari hautatu erabaki behar dute, jasangarritasun printzipioa ahaztu gabe. Bestalde, elikaduraren inguruko ihes jolas moduko bat prestatu dugu. Produktuak nola dauden fabrikatuta begiratu beharko dute, eta garaian garaiko eta bertako produktuak erostearen garrantzia transmititzen diegu. Azkenik, eskulan bat egiten dute; girlanda bat».
Ikasitakoak barneratuta eta jarduerak beteta, ikasleek sari bat dute zain. «Txokolate beroa dastatzeko aukera dute bukaeran, eta Federico Garcia Lorca pasealekuan dagoen leraz gozatu dezakete», esan du Orkolagak.
Horrelako egitasmoekin Donostia Sustapenak agerian utzi nahi du Gabonetako Kanpaina ez direla soilik argiak. Izan ere, hausnarketarako gonbita egiten duten kultur eta gizarte jarduerak ere badituzte.
Donostia sustapenak babestutako edukia