Reala motz geratu da
Txuri-urdinek aise menderatu dute Dinamo Kiev Anoetan, Europa ligako partidan (3-0).
Gol festa izango zela zirudien arren, Reala egindako hiruekin konformatu zen. Taldea ez da denboraldi hasierakoa, ezta Anoeta futbol zelaia ere. Txuri-urdinek nabarmen egin dute hobera, eta etxea gotortzen asmatu dute balio handiko garaipenekin. Dinamo Kiev gainditu zuten atzo Europa ligako partidan (3-0), eta 26 mila zale baino gehiagoren aurrean.
Lehen zati bizi eta eraginkorra egin zuen Realak, hamaikako ausart batekin. Pozgarria izan zen Urko euskarri lanetan ikustea, eta Olasagastik gidaritza hartzea zelai erdian. Baloia ondo mugitu eta aukera asko sortu zituzten, lehen gola iritsi zen arte. Mikel Oiartzabal kapitainak penalti inozo bat behartu zuen, eta antzera jaurti bazuen ere, aldaratzean ate barrura bidali zuen baloia. Orduan iritsi ziren txuri-urdinen minuturik onenak. Markagailua gizentzeko gosez ziren, eta arerioa jan egin zuten. Sheraldo Beckerrek egin zuen bigarren gola, eta Oiartzabal berak hirugarrena. Gol gehiago egiteko aukera garbiak izan zituzten arren, atsedenaldiak eten zuen erauntsia.
Bigarren zatian, Imanol Alguacilek aldaketak egin zituen, taldea freskatzeko eta beste jokalari batzuei minutuak emateko. Magunazelaia izan zen aukera ondoen probestu zuena, eta laugarrena egiteko zorian izan zen. Ordea, baloia zutoinera bidali zuen. Gainerakoan, nahiko aspergarria izan zen bigarren zatia, Realak arerioa gehiago estutzea erabaki ez zuelako.
Bi partida falta dira Europa ligako lehen fasea bukatzeko, eta txuri-urdinek ia ziurtatu dute final-hamaseirenetarako sailkatzea. Dena dela, sei puntu batzen badituzte, kanporaketa bat irentsi, eta zortzi onenekin batera sailkatzeko aukera dute. Horretarako, Lazio liderra —Italian— eta PAOK —Anoetan— menderatu beharko dituzte. Ez da erraza izango, baina ez da ezinezkoa.