Gordegiaren bosgarren urteurrena ospatuko dute
Gordegia Egiako artxibategi grafikoak bost urte bete ditu, eta ekitaldi berezi bat antolatu dute asteazkenerako (hilak 18), urteurrena ospatzeko. Hain zuzen ere, urteotan bildutako irudi guztien artean egindako aukeraketa bat proiektatuko dute zenbait irudi emaileren laguntzarekin, argazkien nondik norakoak azalduz
Gaineratu dutenez, ikusleek oroitzapenak partekatzeko aukera izango dute eta gaztelerara egindako itzulpena egongo da entzungailuekin. 19:00etan izango da emanaldia, auzoko kultur etxean, eta, amaieran, auzoko argazki zaharren erakusketa inauguratuko dute.
2019an sortua
Hainbat egiatarrek 2019ko urrian abian jarritako proiektua da Gordegia, auzoko artxibo grafiko bat osatzeko helburuarekin sorturikoa, baita argazki eta bideo bakoitzaren atzean dagoen kontakizuna osatzeko helburuarekin ere, auzoaren memoria historikoa eta kolektiboa osatzen joateko.
Ordutik, auzotarren ekarpenei esker, Egiako askotariko argazki eta bideo historikoak jarri dituzte sarean ikusgai, dagokien dokumentazioarekin; jaietakoak, mobilizazioetakoak, auzo paisaia erakusten dutenak, eta abar. IRUTXULOKO HITZAk, esaterako, zenbaitetan erabili du Gordegiaren materiala, erreportajeak osatzeko; esaterako, Euskalduna tabernaren inguruko atzera begirakoa, Plaza Haundiko marmoldegiaren ingurukoa, Porrontxo jaien 40. urteurreneko erreportajea eta auzoko euskalduntze prozesuaren ingurukoa osatu zituen hedabide honek Gordegiaren argazkiekin.
Horrez gain, zenbait liburutan parte hartu du urteotan Gordegiak, hala nola, Juanpe Urrosolok 2021ean argitaratutako Txurrutala-n. Lan hori guztia dela eta, Argia aldizkariak Interneteko Argia Saria eman zion Gordegiari urte hasieran, aitortza modura.