Patri Urkizu hil da, idazle eta ikertzaile sutsua
Patri Urkizu Sarasua hil da, 78 urterekin. Idazlea eta irakaslea ez ezik, ikertzaile sutsua ere izan zen. Lezon jaio zen, baina Donostian bizi zen 1983az geroztik, eta Amara Berriko haren etxean zendu da, azken urteak gaixo igaro ondoren. Hain zuzen ere, etxe horretan elkarrizketatu zuen IRUTXULOKO HITZAk, 2023ko apirilean.
Euskal antzerkiaren historia bildu, txukundu eta hainbat libururen bidez argitaratu zuen. Antzerkia ikusten eta antzezten “gaztetxoa” zela hasi zen, eta gero ekin zion ikertzeari: “Salamancatik itzuli nintzenean, Filologia Erromanikoan lizentziatu, Frantziako Liburutegi Nazionalean euskal eskuizkribuak kopiatzen eta 1973an jada bi astolaster argitaratu nituen ASJU-n (Anuario del Seminario Julio de Urquijo), eta 1975an Euskal Teatroaren Historia plazaratu zidan Kriselu argitaletxeak, Agora saria irabazi zuela eta lantxo hark”.
Euskal Filologiako doktore, irakasle lanetan aritu zen Bordeleko Unibertsitatean (Okzitania) eta UNED Urrutiko Hezkuntzako Espainiako Unibertsitatean. Ibilbide luze eta oparoa egin zuen euskal teatroa eta bertsolaritza ikertzen, eta bi pertsonaia historikoren bidearen atzetik: Agosti Xaho eta Anton Abadia, hain zuzen.
2023an urtetan egindako lanaren aitortza jaso zuen Donostiako Udalaren eskutik. Urkizuk haren legatua bere webgunean jasota utzi du.