Zaborra biltzeko bi kamioi elektriko erosi ditu udalak
Donostiako Udalak zaborra biltzeko bi Irizar Ie Truck kamioi elektriko erosi ditu. Gaurtik aurrera, hiriko kaleetan barrena ibiliko dira. Ibilgailuen aurkezpena egin dute gaur Ormaiztegin, eta han izan dira Eneko Goia alkatea eta Carlos Garcia Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako zinegotzia.
Belaunaldi berriko ibilgailuak dira. Irizar Gen3 bateriak dituzte, 307 kWh-ko energia ontziratuarekin eta 360 kWko gehienezko potentzia duen Irizar sistema traktore batekin. Alboko kargadun karrozeria da, 21 metro kubikoko edukierarekin, eta 9.200 kiloko karga erabilgarriarekin. Ezaugarri horiekin, bi kamioiek Donostiako hirian eskatzen diren ustiapen eta autonomia eskakizunak betetzen dituzte.
Irizar Ie Truck kamioiak hirietan eta hiri inguruneetan kutsadura atmosferikorik eta akustikorik sortu gabe zirkulatzea ahalbidetzen du, hiri garbiago bat eta donostiar guztientzat ingurune jasangarriago bat sortuz.
Diseinua “erakargarria” dela adierazi du Irizarrek, eta Donostiako kaleetan zeresana emango duela. Horrekin batera, kamioien errotulazioa berezia dela nabarmendu dute: “Kamioien atzeko aldean haurrek sortutako marrazkiak daude, Berdintasun Sailak ‘Gure hiria aurkituz’ izenburupean deitutako lehiaketaren bidez lorturikoak. Altza, Mendiola, Asuncion, Intxaurrondo Hegoa eta Herrerako ikastetxeetako 200 ikasle inguruk parte hartu zuten”.